Politika -
Madrilgo Auzitegi Nagusia
PPk Barcenasekin lan harreman baten 'itxurak egin' zituen
Sententzian “iruzur posible” bat ikertzeko eskatu diete magistratuek Fiskaltzari, Gizarte Segurantzari eta Lan Ikuskaritzari. Barcenasek epaia aprobetxatu eta PPn berriz sartzea eska dezake.
Agentziak | Erredakzioa
Alderdi Popularrak eta Luis Barcenas PPko altxorzain ohiak 2010eko apirilaren 16tik 2013ko urtarrilaren 31ra arte lan harreman baten “itxurak egin” zituztela adierazi du Madrilgo Auzitegi Nagusiak epaian. “Ordainetan ezer eman gabe” alderdiak hilero 21.300 euro ordaintzea eta txofer bat edo idazkari bat jartzea eta Gabonetako saskiak ematea “zentzuzko bezala onartzerik ez” dagoela esan dute magistratuek.
Horrela, Madrilgo Lan-arloko epaitegiaren ebazpenaren aurka Barcenasek aurkeztutako helegitea atzera bota du Lan-arloko Gelak epaian. Bidegabeko kaleratzea eta 905.353 euroko kalte-ordaina eskatu zituen diruzain ohiak helegitean.
Sententzian “iruzur posible” bat ikertzeko eskatu diete epaileek Madrilgo Auzitegi Nagusiko Fiskaltzari, Gizarte Segurantzari, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Lan Ikuskaritzari. Epaia ikusita alderdiak euren bezeroa berriro onartzea eska dezakete Barcenasen abokatuek.
Sententziaren aurka helegitea aurkez dezakete. “Negozio simulazioa” izan zela ondorioztatu dute Maria Begoña Hernani, Jose Ignacio de Oro Pulido eta Alicia Catala magistratuek. Bi aldeen arteko lan harremanik izan ez zela erantsi dute epaileek. Hala ere, altxorzain ohiak 255.600 euroko soldata jaso zuen urtebetean, eta PPk baliabide materialak eta pertsonalak bere esanetara jarri zituen, hala nola, Audi auto bat txoferrarekin, zerbitzu informatikoa eta idazkari pertsonala.
PPk esan bezala, lan harremana bien arteko akordioarekin bukatzea eta soldata “aurrez emandako kalte-ordain bat zenik ere” ezin daiteke onartu, magistratuen esanetan.