Politika -

Urteroko batzarra, igandean

Gizarte eta eragile politikoen babesa eskatu du Etxeratek

Igandean egingo duen batzar nazionalean, gizarte eta eragile politikoen elkartasuna izatea espero du presoen senideen elkarteak.

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren igandean Etxeratek egingo duen batzar nazionalean, gizarte eta eragile politikoen elkartasuna izatea espero du presoen senideen elkarteak, “dispertsioarekin amaitzea denon erantzukizuna baita”.

Elkartasuna eta babesa izango dira aurten Etxeraten batzar horretako ardatz nagusiak, gaur Maider Alustiza elkarteko bozeramaileak eta Ramon Bareak jakitera eman dutenez. Bilbon egin duten agerraldian, presoen hainbat senidek ere hartu dute parte.

Horiek adierazi dutenez, Etxeratek gizarte-laguntza eta arreta psikosoziala eskaintzen die presoen senideei, “bisitak egin ahal izatea erraztuz, senideok bizi ditugun une zail eta urte gogorretan lagunduz, bidegabeko egoerei aurpegia jarriz”.

“Espainiako eta Frantziako gobernuek darabilten giza eskubideen urraketa sistematikoen aurkako ahots kritiko eta deserosoa gara”, gaineratu dute.

Iazkoa urte “beltza” izan zela jakinarazi dute, baina egoerak “okerrera” egin du 2015ean. “Etxerat eta senideak larriki erasotuak izan dira. Elkarte hau kriminalizazioaren jomugan jarri nahi izan dute. Istripuak, atxiloketak, zitazioak... izan ditugu aurten ere gure lana egiteagatik edota senide izateagatik”.

Guardia Zibilak 127 senide deklaratzera deitu zituen apirilean, baina Etxerateko kide horiek deklaratzera ez joatea erabaki zuten.

Maider Alustizaren hitzetan, ez dute zitazio horien berri gehiagorik izan, eta epaileak ez ditu deklaratzera deitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA albisteak