Politika -

Subiranotasuna

'Ibarretxe Plana' independentziaren abiapuntu gisa proposatu du Bilduk

Lehendakariak Hasier Arraizi erantzun dionez, ibilbide orria ezarrita dago eta Legebiltzarreko autogobernu lantaldean du oinarri.

Ibarretxeren Estatutua berreskuratzea proposatu du Hasier Arraizek

01:49

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak 'Ibarretxe Plana' aldarrikatu du gaur Euskal Herriaren independentziarako bidean abiapuntu izateko eta aurreko lehendakariaren egitasmoa "kutxatik ateratzeko" deia egin dio Iñigo Urkullu lehendakariari.

Eusko Legebiltzarrean Kontrolerako saioa ari dira egiten ostiral honetan eta bertan egin ditu adierazpenak Arraizek.

Arraizen hitzetan, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak autogobernu lantaldean asteazkenean esandakoekin "bat egiten" du EH Bilduk. Ibarretxek azpimarratu zuenez, 2030ean independentea izango da Euskadi, estaturik gabeko beste nazioek bezala aldebakarreko independentzia aldarrikapena egingo duelako.

Hala, koalizio abertzaleko kideak agertu duenez, "bada garaia Egibarrek 'Ibarretxe Plana' gordeta duen kutxatik ateratzeko. Hautsa kentzeko garaia da". "Ez diogu azken helburu izan behar denik, baina ganbera honetako gehiengo osoak onartu zuela kontuan hartuta, bideari ekiteko abiapuntu izan daiteke. Beste batzuk ere egon daitezke, autogobernuak berak dituen aukerak, esaterako", erantsi du.

Adierazi duenez, EH Bildu prest dago "Espainiako Estatuarekin indarrak ahitu arte negoziatzeko", hala, agerian geratuko da nazioartean "euskal herritarrek erabakitzen dutena onartzeko asmorik" ez duela Estatuak eta, horrenbestez, "independentziaren aldebakarreko aldarrikapena egiteko beste aukerarik ez dugu izango", argudiatu du.

Horrez gain, Maiatzaren 24an izango diren hauteskundeen ondotik, udal eta aldundiak "palanka" gisa erabiltzea proposatu dio EAJri.

Egitekoa, gainera, lehenbailehen egiteko deia egin die Arraizek jeltzaleei: "Aro berri honetako abaguneak aprobetxatu behar dira, garai berria garai zaharra bilaka daitekeelako", ohartarazi du. Hala, nabarmendu duenez, koalizioak EAJrekin akordioak lortzeko asmoa "mahai gainean dago oraindik".

Urkullu: 'Autogobernu lantaldea da abiapuntua'

Proposamenari ezezkoa bota dio Iñigo Urkullu lehendakariak. Adierazi duenez, ibilbide orria ezarrita dago eta Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean du oinarri. Hain justu, proposamenak lantalde horretan egiteko deia egin dio EH Bilduri: "Proposamenen bat baduzue, proposatu lantaldean".

Urkulluren hitzetan, "herri honetako sentsibilitate politiko ezberdinen artean akordioa" lortzea du helburu lantaldeak, gerora euskal gizarteak berretsi beharko duena.

Lehendakariaren aburuz, EH Bilduri "presa sartu zaio orain eta ibilbide orria aldatu nahi du. Mugitu ez denez, besteak mugiarazi nahi ditu orain", nabarmendu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu biografia Eusko Legebiltzarra Juan Jose Ibarretxe