Politika -
Ustezko ustelkeria
Rodrigo Ratok dirua zuritu ote duen ikertzen ari dira
Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak amnistia fiskalari heldu ziola zabaldu da astearte honetan.
eitb.eus
Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko presidenteorde, ministro eta Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendari ohiak amnistia fiskalari heldu zion, paradisu fiskaletan zuen dirutza legeztatzeko.
Iruzurraren aurkako Bulegoak horren inguruko ikerketa abiatu du, dirua zuritzea egotzita. Orotara 700 pertsona aztertzen ari da erakundea, eta Rato horietako bat da.
Delitu horren zantzuak Caja Madrideko txartel 'beltzak' direla eta hasitako ikerketaren baitan atzeman dituzte. Hain zuzen ere, Lazard inbertsio bankuak Ratori 6 milioi euroko ordainketa bat egin ziola eta horrek dirua paradisu fiskal batera eraman zuela ondorioztatu du Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak.
Ondoren, Ratok dirutza hori legeztatu zuen, PPren Gobernuak onartutako amnistia fiskalari heldu baitzion.
Atzo, kazetariek gai honi buruz galdetu zioten Cristobal Montoro Ogasun ministroari, baina horrek esan zuen ezin duela zergadunei buruzko informaziorik eman.
Ratok hainbat bidaia egin ditu Suitzara. Azkena apirilaren 10ean egin zuen, eta, hegazkinean, hainbat bidaiari oihuka hasi zitzaizkion.