Politika -
Auzitegi Gorena
Chavesek dio ez zuela sekula legez kanpoko erabaki politikorik hartu
Andaluziako presidenteak ohiak azaldu duenez, itundutako laguntzei buruzko akordio guztiak Parlamentuan eztabaidatu eta onartu zituzten.
agentziak | erredakzioa
Manuel Chaves Andaluziako presidente ohiak Auzitegi Gorenean esan du sekula ez zuela EREen auziko irregulartasunen berri izan, eta ez zuela halakorik egiten utziko; izan ere, bere ibilbide politiko osoan "legez kanpokotasunean oinarritutako" erabaki politikorik ez zuela hartu azpimarratu du.
Epailearen aurrean EREen auzia dela eta egin duen deklarazioan, Chavesek esan du ziur zegoela gizarte eta enplegu laguntzetarako "aurrekontua, transferentziak eta aldaketak legezkoak" zirela, baina ezin zuela "ezer jakin aurrekontuaren exekuzioaren inguruan".
Bi ordu eta erdiko agerraldi horretan, Andaluziako presidente ohiak ukatu egin du gobernuan egon den 19 urteetan legez kanpoko ezer egin edo sustatu duenik, eta iruzurrik izan bada "norbanakoen ekintzen" ondorioz gertatu direla argitu du.
"Hitzarmenak ez ziren Gobernu Kontseilutik pasatzen" eta, beraz, ezin zuen hitzarmen eta "prozeduren berri izan", adierazi du Chavesek.
Andaluziako presidente ohiaren esanetan, Kontseiluaren aurrekontuak onartzerakoan, "ziur" zeuden "legezko baldintza guztiak eta arauak" betetzen zituztela.
Era berean, itundutako laguntzei buruzko akordio guztiak Parlamentuan eztabaidatu eta onartu zituztela adierazi du, eta "oso zaila" zela "pentsatzea 10 urtetan ehunka diputatuk legez kanpoko ezer ikusi ez izana".