Politika -
Krisia
UPyDren zuzendaritza berria aurkeztu dute, krisia txikitu nahian
Zuzendaritza osatzen duten 21 kideetatik soilik bost izan dira agerraldi publikoan, eta azpimarragarria izan da Rosa Diez alderdiko burua bertaratu ez izana.
agentziak | erredakzioa
Andres Herzog UPyDren bozeramaileak txikitu egin nahi izan du Andaluziako hauteskundeetan lortutako emaitza txarren ondorioz sortutako barne krisia, eta alderdia utzi dutenak "oso gutxi" izan direla azpimarratu du. Gainera, maiatzeko hauteskundeetako emaitzak 2011koak baino hobeak izango direla hitzeman du.
Herzogek UPyDren zuzendaritza berria aurkeztu du prentsaurreko batean, eta zuzendaritza hori osatzen duten 21 kideetatik soilik 5 bertaratu dira; izan ere, Rosa Diez alderdiaren burua ere ez da bertan izan.
Herzogek garrantzia kendu dio Diez joan ez izanari, eta "erabateko normaltasunaren barruan" kokatu du.
Aurkeztu berri duten zuzendaritzako kide berria izango da Maite Pagazaurtundua eurodiputatua, eta Gorka Maneiro legebiltzarkideak bere postuari eutsiko dio.
Azken asteotan alderdiko kide esanguratsuek alde egin badute ere, Herzogek berretsi du ez dutela estrategia aldatu beharrik eta, beraz, UPyDk ez duela aldaketarik egingo Ciudadanosekiko duen harremanean.
Gaur egin du lehenengo bilera Zuzendaritza Kontseilu berriak, sei aurpegi berrirekin, Andaluziako bozetako gainbeheraren ondorioz izan diren hutsuneak betetze aldera.