Politika -
Krisia UpYD-n
Toni Cantok kargua utziko du eta ez da hauteskundeetara aurkeztuko
Rosa Diez UPyDko buruaren ustez, "pena da" Toni Cantok kargua uztea eta "galera handia da" hautagai izateari uko egitea, baina ez du alderdiaren krisiaren inguruan hitz egin nahi izan.
Agentziak | Erredakzioa
Toni Canto UPyDren Valentziako diputatuak iragarri du karguari uko egingo diola eta ez duela Valentziako Generalitateko presidente izateko hautagaitzarik aurkeztuko.
Cantok berak eman du erabakiaren berri prentsaurrekoan, Valentziako hotel batean, ez alderdiaren egoitzan, Andaluziako hauteskundeen ostean alderdiaren Zuzendaritzarekin dituen desadostasunak hainbatetan agertu eta gero.
Aktore ohiak azaldu duenez, erabaki zaila izan da eta azken egunotan egindako gogoeten ondorio da. Halaber, datozen hauteskundeen ostean UPyDk ezohiko batzarra egin arte ez duela UPyDn jarraituko duen ala ez erabakiko azaldu du.
Cantoren iritzian, UPyD "proiektu erraldoia" da, eta norabidea aldatu behar du.
Rosa Diezentzat hitz gozoak izan ditu. Valentziarraren esanetan, Diezek lortu zuen Espainiako politikan aldaketa gauzatzea eta alderdi-bitasun sistema apurtu zuen "bide berri bat" zabaltzea.
Ciudadanos alderdiarekin harremanik izan ote duen galdetuta, Cantok adierazi du UPyDk eta Ciudadanosek bat egitearen aldekoa dela oraindik.
Cantoren iritzian, "antzerkira itzultzea" eta lan bila egongo den "espainartxo bat gehiago izatea" da bere asmoa.
"Pena da"
Rosa Diez UPyDren buruaren ustez, "pena da" Toni Cantok kargua uztea eta "galera handia da" hautagai izateari uko egitea, baina ez du alderdiaren krisiaren inguruan hitz egin nahi izan, eta bera kezkatzen duen krisia milioika espainiarrek sufritzen dutena dela esan du.
Diezek Kongresuan hitz egin du Cantoren erabakiaren gainean. UPyDren buruaren esanetan, Cantok ez dio erabakiaren berri eman, eta gaur bertan jaso du albistea, aktore ohiak hedabideen aurrean agertu eta gero.
"Parlamentari bikaina izan da, kide bikaina" eta "nire esker ona eta errespetua helarazten diot, nire adiskidea da eta onena opa diot bizitza pertsonalean zein politikoan", esan du Rosa Diezek. Diezen arabera, gaur goizean ez du Cantorekin hitz egin, baina mezu bat bidali dio.
Rosa Diez, Andaluziako hauteskundeen ondorengo prentsaurrekoan. EFE