Politika -
Valentziako Auzitegi Nagusia
Gurtel auzian auzipetuek epaiketa bertan behera uztea eskatu dute
Epaiketa 37 saiotan egingo dute, gaur hasi eta urriaren 8ra arte, baina akusatuek apirilaren 10a eta maiatzaren 15a bitartean deklaratuko dute, hauteskunde kanpainaurre eta kanpainarekin batera.
Erredakzioa
Gurtel auziko akusatuetako zenbait abokatuk epaiketa bertan behera uztea eskatu dute, auzipetuen eskubideak urratu dituztela argudiatuta.
Adierazi dutenez, oinarrizko eskubideak urratzea, legez kanpoko atxilotzea, telefono bidezko elkarrizketak antzematea, intimitaterako eskubidea urratzea eta defentsa izateko eskubidea urratzea salatu dute.
Epaiketaren lehen saioan, prestaketa lanei zuzendutakoa, Fiskaltzak Joan Carlos Rinconek lekuko gisa deklaratzea eskatu du. Rincon Orange Marketen langilea izan zen "lehenengo garaian", 2005ean, eta Valentziak Fiturren izandako lekuaz informazio garrantzitsua eman lezake.
Gurtel auziko auzipetuak "lasai" eta "justizia bila" heldu dira Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusira, esan dutenez. Auzian, Generalitateak Gurtel sarearekin egindako ustezko kontratazioak, Fitur azokan erakustokia egiteko, ikertzen dituzte.
Gaur hasi dira Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian 2005 eta 2009 bitartean, Generalitateko presidente Francisco Camps zen garaian, egin ziren kontratazioak ikertzen dituen auzia epaitzen. 13 auzipetu daude, Milagrosa Martinez eta Angelica Such kontseilari ohiak tartean.
Pablo Crespo eta Alvaro Perez, El Bigotes, sare horretako ustezko buruak izan dira auzitegira iristen lehenak. Epaiketa 09:30ean hastekoa zen, eta 08:00ak pasatxo zirenean heldu dira biak, elkarrekin.
Pablo Crespok hedabideen aurrean esan duenez, "une garrantzitsua" da eurentzat, eta auzia noiz hasiko zain "sei urtez esperoan" egon eta gero, "justizia bila" joan dira.
Bestalde, Milagrosa Martinez Turismo kontseilariak esan du "lasai" dagoela, eta uko egin dio adierazpenak egiteari, Angelica Suchek bezala (horren ondorengoa izan zen karguan).
Francisco Correa sareko buruzagietako bat da, akusazioaren arabera, eta sareak horren abizenetik hartu du izena (Gürtel hitzak soka esan nahi du alemanez). Auzitegira heldu denean, kazetariei "egun on" esan ondoren, "lasai" eta "ondo" dagoela esan du.
Epaiketa gaur hasi eta urriaren 8an bukatuko da. 37 saio izango dira guztira, eta, aurreikusi dutenez, lehenengo egunetan prestaketa lanekin arituko dira. Ondoren, apirilaren 10etik maiatzaren 15era, akusatuek deklaratzeko txanda helduko da, hauteskundeetako kanpainaurre eta kanpainarekin batera.