Politika -

Erabakitzeko eskubidea

Gure Esku Dagok hautetsontzi erraldoiak eraikiko ditu ekainaren 21ean

Ekimenak telazko hautetsontzi erraldoiak eratuko ditu Iruñan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian, erabakitzeko eskubidea posible egin nahi duten identitateekin eta borondateekin ehunduta.

Ekainaren 21eko ekimena aurkeztu dute gaur Iruñan. Argazkia: Gure Esku Dago.
Ekainaren 21eko ekimena aurkeztu dute gaur Iruñan. Argazkia: Gure Esku Dago.
Ekainaren 21eko ekimena aurkeztu dute gaur Iruñan. Argazkia: Gure Esku Dago.

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago ekimenak telazko hautetsontzi erraldoiak eraikiko ditu datorren ekainaren 21ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Ekainaren 21eko ekitaldia aurkeztu dute gaur Iruñan eta bertan izan dira, besteak beste, Angel Oiarbide eta Mirentxu Purroy Gure Esku Dago dinamikako kideak.

Azaldu dutenez, helburua "erabakitzeko eskubidea posible egingo duen hautetsontzi erraldoia" eraikitzea da Iruñan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian.

Oihal zati bat eskuratzeko eta bertan beren mezuak idazteko edota marrazteko deia egin die dinamikak herritarrei. Gero, oihal zati horiek josiko dituzte, lehenik auzoetan, herrietan gero, eta azkenik hautetsontzi bat eraikiko dute Hego Euskal Herriko hiriburu bakoitzean.

Dinamikaren arabera, dagoeneko tela zati horiek ehuntzen ari dira auzo eta herrietan. Ondoren, tela zati horiek bat egingo dute herriz herri eta, azkenik, herrialdeka, harik eta ekainaren 21eko hautetsontzi erraldoia eraiki arte.

Oihal zati horretan, Oiarbidek erabakitzeko eskubidearekin bat egiten duen herritar orori bere borondatea, bere asmoak, esperantzak, ametsak ezartzeko proposatzen dio, "bere borondate propiotik Gure Esku Dago dinamikaren parte izan dadin".

Gaurko aurkezpenean ekainaren 21eko ekitaldiei buruzko xehetasun gehiago eman dituzte. Hala, eguerdian oihal kateak egingo dituzte lau hiriburuetan eta ekitaldi nagusia 17:30etik aurrera egingo da lau tokitan aldi berean.

Halaber, aurreratu dutenez, Nafarroako ekitaldi nagusia Iruñeko zezen plazan izango da eta hautetsontzi erraldoia eraiki aurretik, emanaldi artistikoak izango dira 17:30etatik aurrera.

Bestalde, Gure Esku Dagok datozen egunetan jakinaraziko ditu gainerako hiriburuetako kokalekuak.

Azkenik, datorren apirilaren 3an asanblada irekia egingo dute Ziburun ekimena Ipar Euskal Herrian nola garatu erabakitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gure Esku gaur