Politika -
Polizia-operazioa
Sortu: 'PPren Gobernuak presoekiko sostengua zapuztu nahi du'
“Presoen eskubideak errespetatu gabe ezinezkoa da bake-prozesuan aurrera egitea”, nabarmendu dute Pernando Barrenak eta Amaia Izkok.
Erredakzioa
Sortuk Espainiako Gobernuari eta “haren beso armatuari, Guardia Zibilari”, leporatu die “euskal preso politikoen egoerak okerrera egitea” eta haiekiko “sostengu politiko, sozial eta ekonomikoa nahiz osasunari dagokiona” zapuztu nahi izatea.
Pernando Barrenak eta Amaia Izkok agerraldia egin dute Donostian, gaur goizean Etxeraten eta Jaiki Hadi elkarteen aurka egindako polizia-operazioa salatzeko.
Aurretik izandako atxiloketak ekarri dituzte gogora, hala nola, Herriraren aurkakoa, EPPKren bozeramileen kontrakoa edota abokatuen aurka egindakoa. “Gaur presoei osasun asistentzia edo laguntza psikologikoa ematen zieten pertsonak atxilotu dituzte”, azaldu dute.
Amaia Izkok azpimarratu du atxilotuetako lagun bat Iñigo Urkullurekin bildu zela otsailaren 25ean, lehendakariak Etxerateko ordezkaritza batekin batzarra egin zuenean. Ildo berean, Europako Parlamentuan Arnaldo Otegi aske uztea eta dispertsioa amaitzea eskatuz nazioarteko ekimena egin eta hurrengo egunean atxiloketak egitea kasualitatea ez dela erantsi du.
Friendship Europako Parlamentuko taldeak atzo egindako adierazpenaren harira, Sortuk esan du bat egiten duela ekimenarekin eta babesa eman dioten nazioarteko eragile guztiei eskerrak helarazi dizkie ezker abertzaleak.
Pernando Barrenaren esanetan, “atzoko ekimenak agerian uzten du presoen eskubideak errespetatu gabe ezinezkoa dela bake-prozesuan aurrera egitea”. “Nazioarteko komunitatea Euskal Herriko konponbide prozesua interesarekin jarraitzen ari dela eta Espainiako Gobernuaren jarrera krudela gaitzesten duela erakusten du atzoko adierazpenak”, gaineratu dute.