Politika -
Basque Friendship Group
Otegi askatzea eta presoak hurbiltzea eskatu dute 24 pertsona ospetsuk
Besteak beste, Jose Mugica Uruguaiko presidente ohiak, Desmond Tutu artzapezpikuak, Fermin Muguruza abeslariak eta Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak sinatu dute adierazpena.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi aske uztea eta euskal presoak etxera hurbiltzea eskatu dute nazioarteko 24 pertsona ospetsuk adierazpen bateratu batean. Fermin Muguruza euskal musikariak aurkeztu du ekimena Europako Parlamentuan. Jose Mujica Uruguaiko, Fernando Lugo Paraguaiko eta Jose Manuel Zelaya Hondurasko presidente ohiek ere sinatu dute adierazpena.
Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak, Nora Morales de Cortiñas Maiatzeko Plazako Amak elkartearen sortzaileak, Ahmed Kathrada Hegoafrikako apartheidaren aurkako mugimenduaren bultzatzaileak eta Desmond Tutu Hegoafrikako artzapezpikuak ere bat egin dute ekimenarekin, adierazpenari euren babesa eskainita.
?Bakearen eta demokraziaren alde arriskatzen jakin zuen gizona berehala askatzeko eskatzen dugu?, jaso dute testuan. ?Otegiren askapena eta sakabanaketa politikaren amaiera, euskal presoak lehenago askatzeko lehen pausoa izan beharko lirateke, eskualdean bidezko bake iraunkorra lortzeko beharrezko pausoak dira?, azaldu dute sinatzaileek. Adierazpen bateratua Muguruzak irakurri du Euroganberan.
Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak, Harol Good apaizak (IRAren armagabetze prozesua ikuskatu zuen), Mairead Maguire Bakearen Nobel saridunak eta Ken Livingstone Londresko alkate ohiak ere bat egin dute ekimenarekin.
Era berean, Lucia Topolansky MLN-Tko (Uruguai) gerrillari ohiak, Angela Davis AEBko komunisten buruzagiak, Cuauhtemoc Cardenas Mexiko Hiriko alkate ohiak, Leyla Zana Sakharov saridunak eta Leila Khaled Palestinako ekintzaileak ere sinatu dute.
Helmut Markov Alemaniako ezkerraren eurodiputatu ohiak, Slavoj Zizek Esloveniako akademikoak, Tariq Ali Pakistango idazleak, Pierre Galand Torturaren aurkako Munduko Erakundearen (OMCT) presidenteak, Gershon Baskin IPCRI Israel-Palestina Ikerketa eta Informazio Zentroaren fundatzaileak, Joao Pedro Stedile Brasilgo nekazaritza ekintzaileak eta Carmen Lira La Jornada egunkariko editoreak ere bat egin dute horrekin.
Eskakizunari babesa eman dio Currinek
Brian Currin Hegoafrikako abokatuak adierazpenaren aurkezpenean parte hartu du. Otegi 2005ean ezagutu zuela esan du Currinek. Ezker abertzaleko buruzagi ohiak ?indarkeria akusaziorik ez du?, adierazi du Hegoafrikako abokatuak, eta ETAk su-eten mugagabea indarrean jartzeko ?aktibo handia? izan zela gaineratu du. Su-etena Otegi ?egiten ari zen lanaren ondorio zuzena? izan dela azaldu du Currinek.
?Pertsona aparta da, karisma du, ausarta da eta inplikaturik dago?, azpimarratu du, eta ?bere burua arriskuan jarri zuen?, goraipatu du.
?Errukiagatik. Justiziagatik. Garailerik eta galtzailerik gabeko konponbide batean sinesten dugulako. Bakearen aldeko apustua egiten dugulako. Horregatik, Arnaldo Otegi askatzea eta presoak Euskal Herrira hurbiltzea eskatzen dugu?, esan dute adierazpenean. ?Ia 500 preso? sakabanatzea senideentzat ?zigorra? dela adierazi dute.
PPk, UPyDk eta Ciutadansek ekitaldia salatu dute
Bestalde, PP, UPyD eta Ciutadanseko diputatuek salatu egin dute ekitaldia Europako Parlamentuan egin izana. ?Biktimak eta borreroak parekatu nahi dituzte. Terrorismo azalgarri bat dagoela aditzera eman nahi dute. ETA genozidio bat egiten saiatu zen?, salatu du Esteban Gonzalez Pons PPko kideak. Ponsek prentsaurrekoa eman du, Maite Pagazaurtundua (UPyD) eta Juan Carlos Giratua (Ciutadans) parlamentariak ondoan zituela.
Pagazaurtunduaren hitzetan, ?ETAren munduak helburu argi bat du, zigorgabetasuna, posible den heinean, eta erantzukizunik txikiena bere gain hartzea?.