Politika -

Ustezko ustelkeria

'De Miguel auzia' bertan behera uzteko eskatu du abokatuak

Fiskaltzaren ustez, Arabako EAJko “bigarren” eta foru diputatu ohiak kontratuak “legez kanpo” lortzeko “elkarte sare” bat zuzentzen zuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo De Miguel Arabako EAJko buruzagi ohi eta ustezko ustelkeria auziko inputatu nagusiak azken bost urteetako instrukzioa “bertan behera” uzteko eskatu du, “bereizi gabe” egin dela argudiatuz.

Fiskaltzaren ustez, Arabako EAJko “bigarren” eta foru diputatu ohiak kontratuak “legez kanpo” lortzeko “elkarte sare” bat zuzentzen zuen.

Autoaren arabera, sare horren helburua zen "Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) zuzendutako administrazioetan edo erakunde publikoetan legez kanpoko kontratuak edo esleipen publikoak lortzea" Halaber, sareak "komisioak" edo "ordainketak" eskatzen zituen, "kontratu simulatuen bitartez".

De Miguel eta bere emaztearekin batera, beste 24 pertsona inputatu dituzte auzi honetan. Guztira hamaika delitu egotzi dizkiete: prebarikazioa, delituak jazartzeko beharrari muzin egitea, funtzionario-eroskeria, influentzia-trafikoa, dirua zuritzea, funts publikoak bidegabe erabiltzea, administrazio publikoei iruzur egitea, funtzionario publikoek debekatuta dituzten negoziazio edo jarduerak egitea, agiri publikoak faltsutzea, Ogasun Publikoaren aurkako delituak eta konkurtso publikoetan prezioak eraldatzea.

Gaur, Gonzalo Susaeta abokatuak instrukzio osoaren “deuseztasuna” eskatu du, ikerketa “bereizi gabe” egin dutela argudiatuz. “Gerora inputazio bat lortzeko asmoz egindako ikerketa izan da, eta ez Fiskaltzak salatutako gertaerak ikertzeko”.

Hainbat eskubide urratu direla iritzi dio De Miguelen abokatuak.

Gogoratu duenez, ez litzateke zilegi izango pertsona baten inguruan ikerketa “globala” egitea, ondoren, “egitate batzuk inputatzeko xede bakarrarekin”, eta inputatuei leporatutakoa komunikatu gabe.

Abokatuak dio hasiera batean Kataia Consulting enpresa ikertzea agindu zutela, baina, azkenean 25 sozietate ezberdin ikertu zituztela.

Epaileak agindutakoaz gain, Ertzaintzak ikerketa “paraleloa” ere egin zuela salatu du abokatuak.

Hemendik aurrera, instrukzioa zuzentzen duen epaileak eta Arabako auzitegiak errekurtsoak aztertu beharko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV