Politika -
Eguneko lerroburuak
Martxoak 16ko albiste nagusiak
Astelehen honetako lerroburu nagusiak albiste bakar batean bildu ditugu.
I. GOMEZ | EITB.EUS
"Amaitu da UPNren krisia"
Yolanda Barcina UPNko presidenteak "krisia amaitutzat" jo du, Nafarroako Parlamenturako zerrendan egongo ez dela erabaki eta Javier Esparza alderdi horretako hautagai nagusiari jakinarazi ostean. Parlamentuko zerrendan egotea baztertu du Barcinak, "alderdiaren onerako baita", horren iritzian. "Ni prest nengoen, aspalditik esanda nuen bezala, erantzukizun kontua baita une konplikatu honetan zerrendaren parte izatea, baina UPNren interesaren mende nago, hau da, Nafarroako interes nagusiaren mende", adierazi zuen atzo. "Ikus dezakezuenez, oso arin konpondu dut afera", esan du.
Hobetuz, kinka larrian
Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa kinka larrian dago. Hobetuzen Patronatuak bilera egingo du gaur Espainiako Gizarte Segurantzak eskatzen dizkion 25,7 milioi euroak itzultzeko moduari nola aurre egin aztertzeko. Langileen Prestakuntzarako 1996 eta 1999 bitartean jasotako diru-laguntzetatik erabili ez zen dirua bueltatzeko eskatu du Espainiako Gizarte Segurantzak. Eusko Jaurlaritzak, Confebask patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek osatzen dute Hobetuzen Patronatua, eta auzi horri erantzuteko erabaki onena zein den erabaki beharko dute gaur.
Olano, Bidegi auziko ikerketa batzordean
Zalantza barik, astelehen honetako argazkietako bat izango da: Markel Olano eta Eneko Goia Gipuzkoako ahaldun nagusigai eta Donostiako alkategai jeltzaleak, AP-1 autobidearen inguruko ustezko iruzurra argitzeko auziaren (Bidegi auzia) ikerketa batzordean deklaratzen. Olano ahaldun nagusia zen garai hartan.
Valentin Lasarte, aske
Beste argazki bat honakoa izango da: Valentin Lasarte ETAko kide ohi damutua espetxetik ateratzen. 19 urte eman ditu preso, eta, Langraiz Bideari heldu eta gero, gaur aterako da Zaballako kartzelatik, Espetxe Zuzendaritzak hainbat murrizketa aintzat hartu dizkiolako. ETAko kide ohiari 400 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, zazpi hilketatan parte hartzeagatik. Besteak beste, Gregorio Ordoñez Donostiako PPko zinegotziaren, Alfonso Morcillo udaltzainaren eta Fernando Mugica buruzagi sozialistaren hilketetan hartu zuen parte. Epaiketa batean, barkamena eskatu zuen, eta diru kopuru txikiak ordaindu ditu, hilketa horietan izan zuen erantzukizun zibilari aurre egiteko. 2010ean, ETAk kanporatu egin zuen.
Dilma Rousseff, jomugan
Dilma Rousseff Brasilgo presidentea ez dago bere uneri onenean. Atzo, milaka brasildar batu ziren Sao Paolon, Rousseffen politikaren kontrako manifestazioan. Besteak beste, "Kanpora Petrobas", "Petrobasek lapurtu egin zuen" eta "Petrobas inoiz ez" leloak oihukatu zituzten horiz jantzitako manifestariek. Protestarietako batzuek Rousseffen kontrako epaiketa politikoa egiteko eskatu zuten. 2015eko urtarrilaren 1etik, bigarren legegintzaldian dago Rousseff.