Politika -
Zigorrak Pilatzea
Arrospide eta Plazaolaren kaleratzea atzera bota du Gorenak
Horrenbestez, Plazaola berriro espetxeratuko dute. Arrospide espetxean dago, jada, beste bi delitu egotzi baitzizkioten Auzitegi Nazionalak aske utzi eta gero.
Erredakzioa
Santiago Arrospide, Santi Potros, eta Alberto Plazaola ETAko presoak aske utzi izanaren aurka Fiskalak aurkeztutako helegitea ontzat eman du Auzitegi Gorenak, eta, beraz, baliogabe utzi du Auzitegi Nazionalak bi presoak kaleratzeko emandako agindua. Horrenbestez, Plazaolak berriro espetxera itzuli beharko du. Arrospide, jada, kartzelan dago beste bi delitu egotzi baitzizkioten Auzitegi Nazionalak aske utzi eta gero.
Auzitegi Nazionalak aske utzi zituen Arrospide eta Plazaola ETAko presoak abenduan, Frantziako espetxeetan preso emandako urteak Espainiako zigorrean aintzat hartuta, baina Fiskalak erabaki horren aurka egin zuen. Auzitegi Gorenak Ministerio Publikoaren helegitea aztertu du gaur, eta ETAko bi kideak berriz kartzelatzea ebatzi du.
Arrospide urtarrilean sartu zuten berriro espetxean, iazko abenduan aske utzi ondoren. 1986an eta 1987an izandako bi atentatutan parte hartu izana leporatzen diote. Behin behinean dago preso. Plazaola, berriz, aske dago, Frantzian espetxean igarotako urteak ez baititu aintzat hartu Gorenak, Europako Batasuneko araudiak jasotzen duenaren aurka.
Arrospideri eta Plazaolari buruzko erabakia hartu duten epaileak hauek dira: Joaquin Gimenez, Carlos Granados, Julian Sanchez Melgar, Francisco Monterde eta Andres Palomo. Gehiengoak egin du Fiskalaren helegitearen alde. Boto partikular bakarra egon da, Gimenezena; horrek errekurtsoaren kontrako botoa eman du, Auzitegi Goreneko iturriek jakitera eman dutenez.
Erabakia berri agentziek filtratu duten arren, oraindik ez da modu ofizialean zabaldu. Ebazpena Auzitegi Nazionalari ofizialki helarazten diotenean kaleratuko da Arrospideren eta Plazaolaren kaleratzeak bertan behera uzteko agindua.
Auzitegi Nazionalak Europako Batasuneko arau bat oinarri hartuta iazko abenduan onartu zuen presoen zigorrak bateratzea eta Arrospide eta Plazaola aske uztea. Urtarrilean, Gorenak lege europarra ezartzearen aurka egin zuen.
Auzitegi Nazionalak beste bi presoren (Rafael Caride Simon eta Francisco Mugika Garmendia, Pakito) kasuetan ere onartu zuen Frantziako kartzeletan emandako urteak Espainiako kondenan kontuan hartzea. Dena dela, aurreko kasuetan ez bezala, ez zituen aske utzi; espetxealdia murriztu zien. Fiskaltzak helegitea jarri zuen auzi horietan ere.
Erabaki polemikoa
Arrospideren kaleratzeak polemika bizia piztu zuen eta aurre aurre jarri zituen Espainiako Gobernua eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. sekzioko magistratuak.
Epaileek babesa eskatu zioten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, eta auzi honetan Espainiako Gobernuak egindako "esku-hartzeak" salatu zituzten, baina ez zuten jaso eskatutako babesa.