Politika -
Presoak
Arrospide eta Plazaola berriz kartzelatzea aztertuko du gaur Gorenak
Arrospide espetxean dago jada, baina Plazaola aske dago oraindik.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak aske utzi zituen Santiago Arrospide, Santi Potros, eta Alberto Plazaola ETAko presoak abenduan, Frantziako espetxeetan preso emandako urteak Espainiako zigorrean aintzat hartuta, baina Fiskalak erabaki horren aurka egin zuen. Auzitegi Gorenak Ministerio Publikoaren helegitea aztertuko du gaur, eta ETAko bi kideak berriz kartzelatzea aginduko du segur aski.
Egun, Arrospide espetxean dago berriz, beste bi delitu egotzi baitzizkioten Auzitegi Nazionalak aske utzi eta gero (1986an eta 1987an izandako bi atentatutan parte hartu izana, hain zuzen ere), baina Plazaola aske dago oraindik.
Auzitegi Nazionalak beste bi presoren (Rafael Caride Simon eta Francisco Mugika Garmendia, Pakito) kasuetan ere onartu zuen Frantziako kartzeletan emandako urteak Espainiako kondenan kontuan hartzea. Dena dela, aurreko kasuetan ez bezala, ez zituen aske utzi; espetxealdia murriztu zien. Fiskaltzak helegitea jarri zuen auzi horietan ere. Dena dela, Gorenak gaur ez ditu horiek aztertuko.
Arrospideri eta Plazaolari buruzko erabakia hartuko duten epaileak hauek dira: Joaquin Gimenez, Carlos Granados, Julian Sanchez Melgar, Francisco Monterde eta Andres Palomo. Azken hirurek errefusatu egin zuten Kepa Pikabea presoaren kasuan Frantziako espetxealdia aintzat hartzea.
Auzitegi Nazionalak Europar Batasuneko arau bati jarraiki onartu zuen presoen zigorrak bateratzea. Dena dela, urtarrilean, Gorenak lege europarra ezartzearen aurka egin zuen. Horrenbestez, Arrospideren eta Plazaolaren auzian doktrina bera mantentzea erabakiko du segur aski.