Politika -
Salbuespenezko neurriak
Terrorismo jihadistaren kontrako itunari oniritzia eman dio Kongresuak
Izquierda Plural, EAJ, ERC, Amaiur eta BNG taldeek kontra bozkatu dute, espetxealdi iraunkor berriztagarria onartzen duelako. CiU eta UPyD abstenitu egin dira.
Erredakzioa
PPk eta PSOEk terrorismo jihadistaren kontra borrokatzeko itunean jasotakoei oniritzia eman die gaur Espainiako Kongresuaren Osoko Bilkurak. Lege proposamenak jasotako salbuespenezko neurriek ez dute gainerako taldeen ia babesik jaso, eta Foro Asturias, Coalicion Canarias eta UPNk baino ez dute alde egin.
Izquierda Plural, EAJ, ERC, Amaiur eta BNG taldeek kontra bozkatu dute, legea "bipartidista eta hauteskundeei begira egindakoa" delako eta espetxealdi iraunkor berriztagarria bermatzen duelako. UPyD eta CIU abstenitu egin dira baina testuarekiko kritiko agertu dira.
Gaur aurrera atera den lege proposamenak duela bi aste Mariano Rajoy Espainiako presidenteak eta Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak sinatutako ituna du oinarri. Testuak terrorismoaren delituaren definizio berria jaso eta "mehatxu" horren kontrako neurriak zehazten ditu.
Gainerako taldeen babesa lortu nahian, abiapuntu izan zen testua moldatzen ibili dira PP eta PSOE. Hala, bi zuzenketa aurkeztu dituzte. Lehenengoaren arabera, desordena publiko larriak ez dira delitu terroristatzat joko, talde terrorista batek babestuta ez badaude.
Horrez gain, emakumezkoen salerosketa delitu terrorista izango da aurrerantzean, kasu hauetan: talde terrorista batek ezkontzara behartzen baditu edo sexualki jazartzen baditu.
Espetxealdi iraunkor berriztagarria, denon ahotan
Asko izan dira lege proposamen honen kontra gaurko eztabaidan entzun diren ahotsak, eta gehienek espetxealdi iraunkor berriztagarria izan dute jomuga.
PP eta PSOE bakarrik geratu dira itunaren defentsa egiteko orduan eta gaur onartutakoa terrorismoaren aurka aritzeko tresnarik egokiena dela agertu dute. Antonio Hernando bozeramaile sozialistak gogorarazi duenez, "azken urteetan 15-20 lagun atxilotu dituzte segurtasun indarrek terrorismoa egotzita, baina aske utzi behar izan ditugu, zigortzeko tipo penalik ez zegoelako".
Izquierda Plural taldea osatzen duten alderdiek (IU-ICV-CHA) eta EAJk zuzenketak aurkeztu dituzte ituna bertan behera uzteko. Testuaren artikulu guztiak kentzearen alde egin duten proposamen guztiak, ordea, atzera bota dituzte. "Ez da errugabetasun-presuntzioa aitortzen, jende guztia kriminalizatzen du lege honek", salatu du Emilio Olabarria diputatu jeltzaleak.
Xabier Mikel Errekondok (Amaiur) ere espetxealdi iraunkorra hartu du ahotan, GALi aipamena eginez: "Felipe Gonzalezi biziarteko kartzela-zigorra ezarriko al zeniokete dozenaka heriotza eragin zuen Estatu terrorismoaren arduradun nagusi izan zen aldetik?", galdetu du.