Politika -

Hiriko auzia

Hiriko funts publikoak desbideratzeko sortu zutela uste du fiskalak

Arabako Fiskaltzak sei pertsonaren aurka jarri du kereila, funts publikoak bidegabe erabiltzea eta dirua zuritzea egotzita.

Hiriko auto elektrikoak 17 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso zituen. EFE
Hiriko auto elektrikoak 17 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso zituen. EFE
Fiskalak delitu ekonomikoa leporatu die sei kideri

2:08

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Izagirre Arabako fiskalburuak ondorioztatu duenez, Hiriko auto elektrikoaren proiektua diru publikoaz jabetzeko sortu zuten horren sustatzaileek.

Fiskaltzak auzi honen harira Gasteizko 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegian jarritako kereilaren edukia publikatu du asteazken honetan, "espekulazioak eteteko" eta "kereilarekin nahasita ez daudenei kalte egitea saihesteko".

Sei pertsonaren eta Afypaida irabazi asmorik gabeko elkartearen aurka aurkeztu du Fiskalak kereila. Hauen kontra, hain zuzen ere: Jesus Maria Pancracio Echave, Fernando Achaerandio, Francisco Javier Calera, Iñigo Antia, Jose Luis Bengoetxea eta Jose Barreira.

Funts publikoak bidegabe erabiltzea, agiriak faltsutzea, Administrazioari iruzur egitea, diru-laguntza publikoekin iruzur egitea, diruaz bidegabe jabetzea eta dirua zuritzea egotzi die.

Fiskalburuaren hitzetan, "automobilgintzaren sektorean inolako esperientziarik edota azpiegiturarik ez bazuten ere", pertsona horiek "plan bat adostu zuten funts publikoez jabetzeko, ibilgailu elektriko bat eraikitzea aitzakia gisa hartuta".

Ministerio Publikoaren arabera, aipatutako sei pertsona horiek "elkarte-sorta bat" eratu zuten, helburu batekin: "Proiektua arrakastatsua bazen, eurek beraiek jasotzea mozkinak; alabaina, huts egiten bazuen, administrazio publikoek inbertitutakoa ezin berreskuratzea".

Afypaida elkarteari dagokionez, diru publikoa jasotzen zuela eta, ondoren, gainerako elkarteen artean banatzen zuela azaldu du fiskalak.

Administrazio publikoek 17 milioi euro eman ziztuzten

Hiriko proiektua 2010eko urtarrilean aurkeztu zuten, eta euskal enpresa talde batek eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak garatu zuten. Administrazio publikoek 17,7 milioi euro eman zituzten: 15 milioi, Espainiako Gobernuak, eta 2,7 milioi, Jaurlaritzak. Proiektuak, baina, porrot egin zuen.

Erreakzioak

Kereilaren edukiaren berri izan eta gero, ustezko irregulartasunen onuradunak "EAJrekin lotura duten pertsonak" direla salatu du EH Bilduk.

Igor Lopez de Munain eta Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideek adierazi dutenez, Hiriko, Epsilon, Karrantza, De Miguel, Pinosolo eta Bidego auziek "ezaugarri komun bat dute: onuradun nagusiak EAJrekin lotura dutela".

Bestalde, Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkidearen ustean, EH Bilduk alderdiaren "izen ona zikindu eta gezurrak" esateko "obsesioa" dauka, "hauteskunde-estrategia baxu-baxu" bat egiten ari delako.

Legebiltzarkide jeltzaleak "EAJ alde txarraren muinean jartzeko asmoa" eta Euskadiren "oker guztien" erantzule egitea kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea