Politika -

Bost forudun, guztira

Gorenak Chaves eta Griñan inputatu egin ditu LETen auzian

Bi politikari sozialistek apirilaren 7 eta 21 bitartean deklaratu behar dute. Gainera, epaileak beste hiru pertsona deitu ditu: Jose Antonio Viera, Gaspar Zarrias eta Mar Moreno.

Chaves eta Griñan inputatu gisa deitu dituzte deklaratzera

1:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LETen Auzia ikertzen ari den Auzitegi Goreneko instrukzio epaileak bost forudun inputatu gisa deklaratzera deitu ditu, tartean Manuel Chaves eta Jose Antonio Griñan Andaluziako Juntako presidente ohiak, apirilaren 7tik 21era bitartean.

Alberto Jorge Barreiro epaileak zitazioen berri eman du gaur (borondatezkoak dira, erregu-gutuna eskatzen ote den erabakitzeko): apirilaren 7an, Jose Antonio Viera; apirilaren 9an, Jose Antonio Griñan; apirilaren 14an, Manuel Chaves; apirilaren 16an, Gaspar Zarrias; eta apirilaren 21ean, Mar Moreno.

Andaluziako hauteskundeak martxoaren 22ra aurreratu dituztenez, instrukzio epaileak zitazioak ere atzeratu ditu, hasieran batean, otsailean egitekoak baitziren.

Bestalde, Goreneko iturrien arabera, forupeko bost pertsona horiek inputatu dituzte, lekuko gisa egiteak ez lukeelako logikarik izango eta boluntarioki aurkeztu direlako.

Forudunek zalantzak argitu nahi dituzte eta, bide batez, erregu-gutuna Parlamentura bilatzea ekidin, haien kontrako auzirik abiarazi ez dezaten.

Forudunak dira diputatuen akta dutelako, Chaves, Griñan (presidente ohiak), Viera eta Zarriasen (kontseilari ohiak) kasuan eta, Mar Morenori dagokionez, senataria delako.

Epailearen ebazpenak, halaber, Estatuko Kontu-Hartzailetza Orokorreko adituei eta Andaluziako Juntari informazioa eskatzea jaso du, ikertutako diru-laguntzen eta 2000-2012 urteetako aurrekontuen inguruan, hain zuzen.

Hala, Kontu-Hartzailetzako adituei txostenean sakontzeko eskatu die, Griñanen defentsak aurkeztutako agiri batean esandakoa alderatzeko.

Kontseilariordeen Batzordeko saioen inguruan ere informazioa eskatu die aditu judizialei. Izan ere, Antonio Fernandez Garcia Andaluziako Gobernuko Enplegu kontseilariorde eta inputatuak “sasi-saio” deitzen zituen.

Neurriak hartzea baztertu du PSOEk

Inputazioen berri izan eta berehala, lasaitasunerako deia egin du Antonio Hernandok Talde Sozialistak Kongresuan duen bozeramaileak. Agertu duenez, sozialistak "ez dira ezeren beldur" eta apirileko agerraldian inputatuek “azalpen guztiak” eman ahalko dizkiote epaileari. Neurriak hartzekotan, ahozko epaiketa zabaltzen denean hartuko dituzte, ez orain, Hernandok zehaztu duenez.

Hernandok alderdiaren Kode Etikoa aipatu du Griñan eta Chavesen kontrako neurriak ez hartzearen erabakia  argudiatzeko.

Ahozko epaiketa abiatuko balitz, inputatuek euren eserlekuak utziko beharko lituzkete baina, Hernandoren hitzetan, “ez da halakorik gertatuko, inondik inora”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Berriak Politika Albisteak Alderdi Sozialista Auzitegi Gorena argazkiak Ustelkeria politikoa gaur