Politika -
Trebakuntza berezia
Jihadismoari aurre egiteko jarraibideak bateratuko ditu Ertzaintzak
Terrorismo jihadistari aurre egiteko prestakuntza berezia eskainiko die otsailean Segurtasun Sailak Ertzaintzako buruzagiei. Agintariak trebatzeko bost jardunaldi emango dituzte.
Erredakzioa
Terrorismo jihadistari aurre egiteko prestakuntza berezia eskainiko die otsailean Segurtasun Sailak Ertzaintzako buruzagiei. Horrela, fenomeno kriminal berri honen aurkako borrokan “jarraibideak bateratu” nahi ditu Eusko Jaurlaritzak.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak iragarri duenez, Ertzaintzaren agintariak trebatzeko bost jardunaldi emango dituzte otsailaren 17, 19, 24 eta 26an eta martxoaren 3an.
Lehen fase batean, komisarioek, intendenteek, komisariordeek eta ofizialek parte hartuko dute trebakuntzan, baina buruzagiek ertzain guztiei jarraibide bateratuak azaltzea da helburua, terrorismo mota honen aurkako borroka “eraginkortasunez zuzentzeko”.
“Terrorismo jihadistaren aurkako borrokarako Ertzaintzaren gaitasuna hobetzea da helburua”, sailburuaren hitzetan; izan ere, “Al-Qaidaren eta Estatu Islamikoaren mehatxua gero eta handiagoa da Europan”, eta erradikalismoen fenomenoa, oro har, “etengabe eboluzionatzen ari da”.
Horren harian, Ertzaintza 2010az geroztik prestatzen ari dela nabarmendu du Beltran de Herediak.