Politika -
Diputatuen Kongresua
EAJ eta Amaiur, terrorismo jihadistaren aurkako neurri berrien kontra
Bozketa datorren astean egingo da Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta jeltzaleek eta Amaiurreko diputatuek kontrako botoa emango dute.
Erredakzioa
EAJko eta Amaiurreko diputatuek terrorismo jihadistaren kontrako lege-proiektu berriaren kontra bozkatuko dute, datorren astean, Diputatuen Kongresuan egingo den bozketan. Jeltzaleek zalantzan jarri dituzte kartzelaldi iraunkor berrikusgarria eta beste hainbat elementu juridiko.
"Onartzeko prest ez gauden hainbat marra gorri daude, biziarteko kartzela zigorra, esaterako, eta baita nahikoa zalantzagarriak diren beste hainbat elementu juridiko ere", adierazi du Pedro Azpiazu EAJk Diputatuen Kongresuan duen ekonomia gaietarako bozeramaileak.
Kongresuak lege-proiektuari argi berdea ematen dionean erabakiko du EAJk zuzenketak aurkezten dituen ala ez. Hala ere, "PPren eta PSOEren konpromisoa tarteko, zaila izango da horiek onartzea".
Amaiurrek ere lege-proiektua baztertu du, bai formagatik bai edukiagatik. Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak azaldu duenez, "edozein protesta ekintza terrorismotzat jo dezakete". Horren iritziz, neurri berriekin terrorista kontzeptua txingoma edo txikle moduan zabaldu dute "askatasunak eta eskubideak mugatzeko".