Politika -
Madrilen
Barcenasen itzalean egingo du PPk Konbentzio Nazionala
Jose Maria Aznar izango da aurtengo konklabeko beste protagonistetako bat. Berak irekiko du arratsaldean biltzarra.
Erredakzioa
Konbentzio Nazionala egingo du asteburuan Alderdi Popularrak Madrilen. ‘Elkarrekin, herri handi baten alde’ lelopean gaur hasiko da biltzarra. Ildo nagusiak kudeaketa eredua eta ekonomiaren hobekuntza izango diren arren, Luis Barcenas ere izango da protagonista. Atzo espetxetik atera ondoren, haren izena guztien ahoan izango da.
Jose Maria Aznarrek, alderdiko ohorezko presidente eta Espainiako Exekutiboko presidente ohiak, ere izango du tartea aurtengo konklabean. Iaz ez zen Valladolideko biltzarrean izan, eta guztiek espero dute aurtengo partaidetza. Maria Dolores de Cospedalekin batera, berak irekiko du gaur arratsaldean biltzarra.
Aznarren eta Rajoyren arteko agurrak komunikabideen arreta piztu du. Izan ere, iazko uztailean Guadarraman FAESen Kanpusean elkarrekin izan zirenetik, ez da bien irudirik jaso.
Alderdiaren eskualdeetako baroi guztiek parte hartuko dute konbentzioan eta Gobernuko kideen gehiengoa ere bertan izan da. Aurtengo hauteskunde deialdiei hasiera emango diete modu horretan popularrek.
Ekonomiaren berreskurapenean eta Mariano Rajoyren Gobernuak egindako erreformetan oinarrituko da konklabea. Azken hiru urteetako kudeaketa aztertuko dute eta ekonomiak izan duen hobekuntza azpimarratu.
Alderdi Popularrak, gainera, Podemosek dakarren ezegonkortasunaren eta PSOEren banaketaren aurrean, egonkortasunaren alderdi moduan aurkeztuko du bere burua.