Politika -
CAN auzia
Abian da Nafarroako Kutxaren batzordea, UPN buru dela
Sergio Sayas izango da batzordearen presidentea, eta dagoeneko esan du badaudela "aurrekariak" horrelako batzordeek "ez dutela askorako balio" pentsatzeko.
Erredakzioa
Caja Navarraren desagerpenari buruzko ikerketa batzordea gaur jarri da abian, Sergio Sayas UPNko kidearen presidente kargu hartzearekin, eta martxoaren 16a epemuga bezala jarrita.
Batzordearen helburua kutxaren desagerpena eragin zuten arduradunen erabakiak identifikatzea izango da. Izan ere, batzordearen sorkuntza agirian diote Nafarroak "bertako finantza tresna garrantzitsuena" galdu zuela, eta "prozesu guztiko ardura politikoak eta izan diren gehiegikeriak" zehaztu behar direla.
Alberto Catalan Parlamentuko presidentea izan da batzordearen (alderdi guztiek babestu zuten, UPNk izan ezik) eraketa ekitaldiaren buru.
Sergio Sayas UPNko kidea eta Xabi Lasa Aralar-NaBaiko kidea ziren batzordearen presidente izateko hautagai bakarrak, eta lehenak lortu du izendapena, UPNren eta PPNren aldeko botoei, eta PSNren abstentzioari esker.
Sayasek izendapenaren ostean kazetariei adierazi dienez, batzordeak "erakundeari prestigio ematea" espero du, ez dezala "justu kontrakoa" egin. "Konfiantza dut ikerketa lan guztiak aurrera eramateko erraztasun posible guztiak izango direla eta batzordeak sorkuntzan ezarritako helburuei begira lan egingo duela", berretsi du.
UPN batzordea sortzearen kontra agertu da hasieratik, ondorioak hasi aurretik ezarrita daudela iritzi diolako. Horren harira, Sayasek esan du badaudela "aurrekariak" horrelako batzordeek "ez dutela askorako balio" pentsatzeko.