Politika -
Polizia operazioa
'Santi Potros' atxilotu dute, bi atentatu egotzita
Lasarten atzeman dute ETAko buruzagi ohia. Abenduan, Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen.
Erredakzioa
Santiago Arrospide, Santi Potros, ETAko buruzagi historiko ohia atxilotu egin dute gaur goizean, Lasarten (Gipuzkoa), Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak egindako operazio batean, Barne Ministerioak baieztatu duenez.
Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen abenduaren hasieran, Frantziako espetxeetan eman zuen denbora Espainian ezarritako zigorraldian kontuan hartzea onartu zuelako, betiere Europako araudi bati jarraiki. Joan den astean, baina, Auzitegi Gorenak arau hori ezartzearen aurka egin zuen, eta erabaki horrek preso ohia berriz kartzelatzea ekar zezakeen. Hala ere, beste bi auzi egotzita atzeman dute azkenean.
Hain zuzen ere, ETAk 1986an eta 1987an egindako bi atentatu leporatuta agindu du atxiloketa Auzitegi Nazionaleko 4. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak. Lehen erasoa Luis Antonio Buron Barba Estatuko fiskal nagusi zenaren aurkakoa izan zen, eta, bigarrena, Bartzelonan, Guardia Zibilaren patruila baten kontrakoa. Azken horretan, pertsona bat hil zen.
Frantziako Poliziak 1987an atxilotu zuen ETAko buru ohia, eta, 2000an, Espainiaratzea onartu zuen, baina beste auzi batzuengatik, ez aipatutako biengatik. Horregatik, Espainiako Justiziak ezin zuen Arrospideren aurka egin bi atentatu horien kasuan.
Orain, Auzitegi Nazionalak estradizio itunaren 14.1 artikuluari heldu dio 'Santi Potros' atxilotzea agintzeko. Izan ere, Fernando Andreu instrukzio-epailearen esanetan, "[Arrospide] aske geratu zen egunetik, Espainiatik alde egiteko edota Frantziara itzultzeko 45 eguneko epea zuen, baina ez du hala egin".
Barne Ministerioaren esanetan, ETAko buru ohia bihar eramango dute Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera, eta horrek atxiloketa eragin duten arrazoien berri emango dio.
"Arkitektura juridikoa"
Iker Urbina Santiago Arrospide Sarasola 'Santi Potros'en abokatu eta Amaiurren diputatuak salatu du "arkitektura juridikoa" erabili dutela ETAko buruzagi historikoaren kontra, Frantzian betetako zigorra aintzat hartu eta libre utzi ostean, "lehenbailehen" espetxera itzul zedin.
"Denon lasaitasunerako"
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak esan du "denon lasaitasunerako" izan dela Arrospideren atxiloketa.
"Santi Potrosen atxiloketa denon lasaitasunerako da, Zuzenbidezko Estatuak funtzionatzen duela eta erabaki judizialak denok errespetatzen ditugula ikusten delako", azpimarratu du agintari espainiarrak.