Politika -
UEMA
Urquijok salatutako udalek aktak euskaraz bidaltzen jarraituko dute
Udalerriek UEMAren aholkularitza juridikoa baliatuko dute. Eusko Jaurlaritzak aktak euskaraz bidaltzea legezkotzat joaz udaletara bidalitako txosten juridikoa izango da defentsarako oinarria.
Erredakzioa
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkariak, aktak euskara hutsean bidaltzeagatik, auzitara eraman dituen 11 udalek beren lanarekin aurrera jarraitzea erabaki dute.
Hala erabaki du UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) larunbat honetan Zumaian egindako Batzar Nagusian.
UEMAk bere babesa eskainiko die salatuak izan diren 11 udalei: Aduna, Arama, Antzuola, Bergara, Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oiartzun, Oñati eta Usurbil.
Aipaturiko udalek orain arte bezala lanean jarraitzea eta, helegiteari aurre egiteko, epaitegietan bidea abiatzea erabaki dute.
Udalerriek UEMAren aholkularitza juridikoa baliatuko dute eta Eusko Jaurlaritzak aktak euskaraz bidaltzea legezkotzat joaz udaletara bidalitako txosten juridikoa izango da defentsarako oinarria. Auzitegiek arrazoia ematen ez badie, Euskaren Legea aldatzea proposatuko dute.
Salatu dutenez, Urquijok jarritako helegiteekin "euskara sustatu nahi dugunon lana baldintzatzen ari dira". "Eta garai ilunenetan bezala, orain euskaraz aritzea baimentzen badigute ere, erdara erabiltzera behartu nahi gaituzte", adierazi dute.
"Eusko Jaurlaritzari dagokio euskararen ofizialtasuna defendatzea. Eta horregatik, afera horren aurrean babesa eskatu diogu. Jaurlaritzak legezkoa dela irizten dio aktak euskaraz bidaltzea eta hori argudiatzen duen txosten juridikoa igorri du udaletara. Urgentziaz, urtarrilaren 2an igorri genuen ofizialki Jaurlaritzara bilera bat egiteko eskaera. UEMAren asmoa zen, eman beharreko urratsak Jaurlaritzarekin adostu eta bat eginda urratsak ematea. Ez dugu erantzunik jaso eta helegiteei erantzuteko epeak betetzear diren honetan, erabaki bat hartu beharrean gara, ezinbestean", gaineratu dute.
Bestalde, Zerain UEMAko kide berri gisa onartu dute.