Politika -
Minbizia zuen
Josu Uribetxebarria presoa hil egin da
Auzitegi Nazionalak behin-behinean aske utzi zuen 2012. urtean, minbizi sendaezina zuelako.
Erredakzioa
Josu Uribetxebarria Bolinaga ETAko presoa hil egin da. Gaur goizaldean, 04:00etan, zendu da, etxean, Arrasaten.
Uribetxebarria behin-behinean aske zegoen 2012ko abuztutik. Izan ere, medikuek bederatzi hilabeteko bizi-itxaropena baino ez zioten eman, eta Jose Luis Castro epaileak libre uztea onartu zuen.
Besteak beste, hiru guardia zibil hiltzeagatik eta Jose Ortega Lara espetxeetako funtzionarioa bahitzeagatik kartzelatu zuten.
Aste honetan, asteartean hain zuzen ere, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 29 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen Uribetxebarriarentzat, 1986an Arrasaten Antonio Ramos guardia zibila hil izana leporatuta.
Akusazio hori dela eta, Ismael Moreno epaileak Uribetxebarria etxean giltzapetzea agindu zuen udan, baina Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak baliogabetu egin zuen neurri hori, neurrigabea zela argudiatuta.
Askapen polemikoa
Uribetxebarriaren osasun egoerak aurrez aurre jarri zituen hainbat erakunde. Hainbat txostenek (Osakidetzak egindako bat, kasu) presoaren minbizia sendaezina zela egiaztatu zuten, baina Carmen Baena Auzitegi Nazionaleko medikuak gezurtatu egin zuen, eta espetxean tratamendua jaso zezakeela gaineratu zuen. Ondoren, baina, presioak pairatu zituela aitortu zuen.
Uribetxebarriak gose-greba abiatu zuen, aske uztea aldarrikatzeko, eta ehunka presok bat egin zuten protesta horrekin.
Azkenean, Castro epaileak behin-behinean libre utzi zuen, "arrazoi humanitarioak" tarteko, eta horrek enfrentamendu gogorra ekarri zuen ETAko biktimen eta Mariano Rajoyren Gobernuaren artean.