Politika -
Mate Operazioa
Atxiloketak 'politikoak eta judizialak' izan zirela dio Legebiltzarrak
“Atxiloketak 'Dena ETA da' irizipidea jarraituz egin ziren”, adierazi dute EAJk eta EH Bilduk.
Erredakzioa
‘Mate’ operazioa Espainiako Gobernuaren “estrategia politiko eta judizialaren baitan” kokatu du gaur Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren botoei esker aurrera ateratako ekimenaren bitartez. “Atxiloketak 'Dena ETA da' irizipidea jarraituz egin ziren”, adierazi dute.
ETAko presoen abokatuen atxiloketak salatzeko ekimena aurkeztu zuen iragan astean EH Bilduk. Larrialdiko prozedurara deitzeko EAJren babesa jaso zuen eta, hortaz, gaur Legebiltzarreko Diputazio iraunkorra bildu da.
Guardia Zibilak 16 pertsona atxilotu zituen, eta horietatik 12 aske utzi zituzten epailearen aurrean deklaratu ondoren.
Onartutakoa, EAJk jarritako osoko emendakina izan da. EH Bilduk jeltzaleen ekimenari babesa eman dio. Gainerako taldeek, berriz, aurkako botoa eman dute.
Aurrera atera duten emendakinean, denen artean “bakean eta bizikidetzan” oinarritutako etorkizuna eraikitzeko konpromisoa berretsi dute, “zeinetan bakoitzak onartuko duen gure herrian gertatu diren giza eskubideen urraketetan izan duen ardura maila, eta alboratuko dituen aurrera egitea oztopatzen duten iraganeko estrategia, jarrera eta jokabideak”.
Rajoyren Gobernuak “jarduera polizialarekin” jarraitzea kritikatu dute, “dena ETA da” printzipio salatzailea “oinarri hartuta” eta “salbuespeneko legalitatearen” aurka agertu dira.