Politika -

Katalunia

Hauteskundeak irailaren 27ra aurreratzea adostu du Masek ERCrekin

Zerrenda desberdinak, “baina adostutako bide orri bakarra” izango dutela goraipatu Masek. “Bidaia orriaren negoziazioa oso aurreraturik” dutela azpimarratu du Generalitateko buruzagiak.

Artur Mas Generalitateko presidentea. Argazkia: EiTB
Artur Mas Generalitateko presidentea. Argazkia: EiTB
2015eko irailaren 27rako hauteskundeak deitu ditu Masek

0:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Katalunian, 2015 irailaren 27an, hauteskundeak egiteko akordio batera heldu direla iragarri du gaur Artur Mas Generalitateko presidenteak. 2012an sinatutako akordioa berretsi du buruzagiak. Gainera, “Estatu egitura” berriak osatzearen aldeko apustua egin du Masek.

Udaren ostean hauteskundeak aurreratuko dituztela iragarri du Kataluniako agintariak. Zerrenda desberdinak, “baina adostutako bide orri bakarra” izango dutela goraipatu Masek. “Bidaia orriaren negoziazioa oso aurreraturik” dutela azpimarratu du Generalitateko buruzagiak. Bide orri hori hauteskunde-programetan barneratuko dutela erantsi du.

“Prozesu soberanista garaipenera arte eramateko batasun ituna berregin dugu”, esan du. Bestalde, ERCrekin adostu zuten legealdi ituna berretsi du Masek. Generalitateko presidenteak prentsaurrekoa eman du gauean, Oriol Junqueras ERCko presidentearekin, Carme Forcadell ANCko buruzagiarekin, Muriel Casals Omnium Culturaleko presidentearekin eta Josep Maria Vila d'Abadal AMIko agintariekin 15:00etan bildu eta gero.

Estatu egiturak

Era berean, 2015eko aurrekontuak negoziatzeko elkarrizketak datozen egunetan berriz abiatzea adostu dute. Ogasun propioa edo Gizarte Segurantza bezalako Estatu egiturak gauzatzeko ERCk proposatutako adituren bat lanean hastea onartu du Generalitateak.

Gainera, hauteskundeetarako administrazio bat “bereiztea” adostu dute, hauteskunde-lege bat adosteko gai ez baldin badira. Pobreziaren kontrako gizarte programak, SOCren erreforma eta beste hainbat lege amaitzeko konpromisoa hartu dute.

Hauteskunde-kanpainaren hasiera, Diadan

“Zorionez batasun eta akordio giroa” berreskuratu dutela nabarmendu du Masek. Honenbestez, hauteskunde-kanpainaren hasiera Kataluniako Diadan, irailaren 11n, izango da.

Azken asteetan bloke independentistaren giroa “kaskaildu” izanagatik “barkamena” eskatu du Generalitateko presidenteak. “Batasun ituna” berreskuratzeagatik eta “amesgaiztoa” bukatzeagatik zoriondu da.

“Estatu egiturak bultzatzeko eta amaitzeko” abuztura arte ERCrekin lan egingo dutela azaldu du Masek. Zentzu horretan, legealdiko azken bi urteetan lan horretan murgilduta izan direla esan du.

UDCk eta CDCk gaur adostutako akordioak “ezagutzen eta partekatzen” dituztela zehaztu du CiUko buruzagiak. Prentsaurrekoa eman baino lehen Josep Antoni Duran Lleida Unioko agintariarekin telefonoz hitz egin duela adierazi du Masek.

ERC

Prozesu soberanista bizitzeko “beharrezkoa zen konfiantza giroa berreskuratzeagatik” zoriondu da Oriol Junqueras ERCko buruzagia.

Hauteskundeak martxoan egitea nahi zuen ERCk, baina atzerapenak independentziaren aldeko boto-emaileen kopurua areagotzea espero du Junquerasek.

Kritikak

Alicia Sanchez-Camacho PPCko agintariak, ostera, Kataluniako presidentearen erabakia “iragarritako porrot baten kronika” dela kritikatu du, eta hauteskundeak aurreratzea kataluniarrentzako “oso kaltegarria” dela ohartarazi du.

Hauteskundeen aurrerapena Masen “porrot berri” bat dela ziurtatu du Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak. Icetaren hitzetan, CiU eta ERC “batera gobernatzeko kapaz ez diren bi alderdiek paradisua agindu dute”. Jarrera hori deitoratu du ordezkari sozialistak.

Josep Vendrell ICVko idazkari nagusiaren ahotan, ERCk CiUrekiko duen “mendekotasuna” azaltzen du Masen eta Junquerasen arteko akordioak.

Masek kataluniarrak “engainatu” dituela salatu du Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak. “Masek denetik egiten daki, gobernatzea kenduta: propaganda, gezurrak esan eta jendea engainatu”, defendatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak