Politika -
Lege organikoa
Terrorismo jihadistaren aurkako legea adostuko dute PPk eta PSOEk
Lege organiko bat adostuko dute bi alderdi nagusiek, Zigor Kodearen erreformatik kanpo, baina gainerako taldeek bat egitea nahi dute.
Erredakzioa
Terrorismo jihadistari aurre egiteko neurriak lege organiko batean adostuko dituzte PPk eta PSOEk, Zigor Kodearen erreformatik kanpo, eta gainerako alderdiek proposamenarekin bat egitea nahi dute.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak eta Rafael Catala Justizia ministroak azaldu dutenez, terrorismo mota horrekin zerikusia duen guztia Zigor Kodetik at geratuko da eta legez besteko proposamen batean landuko dute.
Antonio Hernando Kongresuko PSOEren bozeramailea eta sozialisten ordezkariak ministroekin bildu dira gaur terrorismo jihadistaren aurkako borrokaz hitz egiteko. Bilerak ordubete eskas iraun du. Lege-proposamenean terrorismo mota horren kontrako neurriak jasoko dituzte, PPk Zigor Kodearen erreformari aurkeztutako 12 zuzenketak oinarri bezala hartuta.
Zigor Kodeko erreformaren edukiarekin ez daude ados sozialistak, eta, hori dela eta, terrorismo jihadistarekin zerikusia duten puntuak (11 artikulu) bereiztea eta beste testu batean lantzea erabaki dute.
Parlamentuko gainerako taldeek ere horrekin bat egitea espero dutela esan dute Hernandok eta ministroek, eta datozen egunetan adostasun hori lortzeko lanean arituko direla.
Podemos eta Ciudadanos, at
Hala ere, Podemos eta Ciudadanos alderdiak negoziaziora gonbidatuko ez dituztela aurreratu dute, lege-proposamena Gorteetan ordezkaritza duten taldeek sinatu behar dutelako.
PSOEk eskatuta Zigor Kodea negoziaziotik ateratzea onartu dute Gobernuak eta PPk, Hernandok azaldu duenez.
Bost artikuluk zalantzak sortzen dizkietela ohartarazi dute sozialistek dagoeneko. Printzipioz, artikulu horiekin ados ez daudela adierazi du Hernandok.
Nahiz eta neurriak behin betiko onartzeko datarik ez finkatu, lehen seihilekoan indarrean sar daitezkeela ziurtatu du Catalak.