Politika -

Noos auzia

Cristina infantaren helegitea atzera bota du Castro epaileak

Jose Castro Palmako Auzitegiko epaileak Cristina infantak aurkeztutako helegitea tramitera ez onartzea erabaki du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Castro Palmako Auzitegiko epaileak Cristina infantak aurkeztutako helegitea tramitera ez onartzea erabaki du. Infantaren defentsak helegitea aurkeztu zuen infanta auzipetzea agintzen duen autoaren aurka.

Jose Castro epaileak abenduaren 22an publikatu zuen autoa, eta, horretan, infanta auzipetu egin zuen, bi delitu fiskal egotzita.

Hori horrela, Jaume Riutord abokatuak apelazio-errekurtsoa aurkeztu zuen Palmako 3. zenbakiko instrukzio-epaitegian.

Gaur zabaldutako autoan, infantaren helegitea bertan behera utzi du epaileak, tramitera ez onartzea erabakita. Horrez gain, Diego Torres eta Ana Maria Tejeiroren defentsak jarritako helegiteak ere atzera bota ditu epaileak. Alfonso Grau Valentziako alkateordearen inguruan sozialistek aurkeztutakoa, berriz, onartu egin du Castrok.

Hortaz, Cristina infantak akusatuen aulkian jesarri beharko du Noos auzia argitzeko epaiketan. Iñaki Urdangarin senarrak egindako bi delitu fiskaletan ezinbesteko laguntzaile gisa epaituko dute infanta.

Bere eta emaztearen izenean zegoen Aizoon enpresaren bitartez Ogasunari 337.138 euroko iruzurra egitea leporatzen diote Urdangarini.

Castro epaileak 17 akusaturen kontrako ahozko epaiketa ireki du. Besteak beste, Iñaki Urdangarin, Diego Torres, Cristina infanta, Ana Maria Tejeiro (Torresen emaztea) eta Jaume Matas daude auzipetuen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urdangarin auzia