Politika -
Urte politikoaren balantzea
Rajoy: '2015a hazkundearen behin betiko hasieraren urtea izango da'
Gobernuko presidenteak, bestalde, esan du ETAren arazoaren irtenbidea bandaren desegitea dela: "Guztiontzako onena izango litzateke, eurentzat ere bai".
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ostiral honetan esan du 2015a ekonomiaren behin betiko susperraldiaren urtea izango dela. ''Kanpo baldintzek hala baimentzen badute, 2014a baino askoz hobea izango da'', gaineratu du.
Urtearen balantze politikoa egin du ostiral honetan Rajoyk. Bertan adierazi duenez, joan den urtean aurreratu zuen 2014a aurreko urtea baino hobea izango dela; presidenteak dio aurreikuspen hori ''soberan'' gainditu duela Gobernuak, urteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoan 550.000 enplegu gehiago sortu direlako. Halaber, Rajoyk azpimarratu du azken hamabi hilabeteotan 400.000 pertsona gehiagok eman dutela alta Gizarte Segurantzan eta enpleguak ‘’erabateko’’ aldaketa izan duela aurten, eta 2007tik estreinakoz enplegu gordina sortu delako.
"Egun gutxi barru kaleratuko dira abenduko datuak, eta ziur nago joera hori baieztatuko dutela'', azpimarratu du Rajoyk.
Gutxieneko soldata eta pentsioak
Ministroen Kontseiluak urteko azken bilera egin du gaur, eta bertan gutxieneko soldata eta pentsioak igotzea onartu dute: % 0,5eko igoera soldaten kasuan eta % 0,25ekoa, berriz, pentsioetan. Hala, hilean 648,6 eurokoa izango da aurrerantzean lanbide arteko gutxieneko soldata.
Horretaz ere hitz egin du Rajoyk eta aitortu egin du igoera "xumea’" dela bi kasuetan.
Katalunia
Bestalde, Rajoyk deitoratu du Katalunian, bere iritziz, "batzuek edozein agintariren lehentasuna dena baztertu egin izana"; izan ere, "arazoei irtenbidea eman beharrean, sortzen dituzte, eta ez daude adi pertsonen ongizateari".
"Espainiako Gobernuak Kataluniako herritarren interesei adi egoten jarraituko du: bertako enpresak babestuz, hor ere berreskuratze sendoa ahalik eta lasterren egoteko lan eginez, eta, noski, adiskidetasuna eta kataluniarren arteko akordioari bidea emanez", nabarmendu du.
Berrautatzerako aukera izan nahi du, eta ez du gogoan hauteskundeak aurreratzea
Gobernuko presidenteak berriro esan du berrautatzerako aukera izan nahi duela, 2015 hauteskunde orokorretan, PPren zerrendaburu bezala; halaber, adierazi duenez, ez du gogoan hauteskundeak aurreratzea, eta legegintzaldia agortuko du.
Irmotasunez esandako "bai" batez erantzun du Rajoyk galdetu diotenean Gobernuaren Presidentetzarako hautagaia berriro izan nahi izango duen. Eta hauteskundeak deitzeko bere planen gainean galdetu diotenean, nabarmendu du ez duela gogoan legegintzaldiaren amaiera aurreratzea. Bere iritziz, "komenigarria da" errespetatzea Konstituzioak aurreikusten duen epea, lau urtekoa.
"ETA desegingo da, azkenean"
Rajoyk, gainera, esan du ETAren arazoaren behin betiko irtenbidea "bandaren desegitea da, gehienbat"; bere iritziz, hori gertatuko da, "guztiontzako onena delako, eurentzat ere bai".
"Horrela errepikatu dut behin eta berriz, eta horrela izango dela uste dut. Guztiontzako onena da, aurentzat ere bai, normaltasuneko, lasaitasuneko eta aurrera begiratzeko etapa batean sartu ahal izateko".
Ebola
Halaber, Gobernuko presidenteak ebolaren krisialdi larriari aurre egiten jakin zuten osasun-profesionalak zoriondu ditu; Rajoy pozik azaldu da Teresa Romero erizaina "bizirik" dagoelako, ebolak kutsatuta egon ostean. Madrileko Carlos III. Ospitalean artatu zuen Romerok Manuel Garcia Viejo apaiza; azken hori birusaren eraginez hil zen.