Politika -
EUSKOBAROMETROARI ERREAKZIOAK
Amaiur: 'Egungo egoeraz hitz egitea da onena; ez gaurtik 2 urterakoaz'
Erekondok azpimarratu du Euskal Herria ''benetako aldaketa’’ egiten ari dela, ''PPren, UPNren eta EAJren murrizketa'' ereduaren aurrean.
Erredakzioa
Azken Euskobarometroak mahai gainean utzitako datuak hemendik bi urtera begirako eszenatokira batean kokatzen direla azpimarratu du ostiral honetan Xabier Mikel Errekondo Amaiur koalizioko diputatuak. ''Egindako galderak hemendik bi urterako eszenatoki batean kokatuta daude'', nabarmendu du. Hala, Errekondok adierazi du nahiago duela ''Euskal Herriak egun bizi duen errealitatez hitz egitea'', eta bertan ''benetako aldaketa'' egiten dela defendatu du.
Donostian prentsaurrekoa eskaini du Errekondok eta, kazetarien galderei erantzunez, azken Euskobarometroaren datuak izan ditu hizpide. Horien arabera, EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak gaur egingo balira, botoen % 30,5 eta 22-23 eserleku lortuta; baina Podemosek botoen % 25,6 lortuko lituzke Euskadin, 21-22 eserleku eskuratuz. Hortaz, Legebiltzarreko bigarren indarra izango litzateke, EH Bilduren aurretik.
Errekondok nabarmendu du ‘’lantalde baten ikerketa batean bildutako datuen oinarrituta’’ egiten den ‘’balorazioa’’ dela Euskobarometroa, eta hemendik bi urtera izango diren hitzorduak dituela ardatz. ‘’Guk nahiago dugu egungo errealitateaz hitz egin, Euskal Herrian egun bizi duen aldaketaz’’, adierazi du. Hala, Amaiurreko diputatuak adierazi du ''PPren, UPNren eta EAJren murrizketa’’ ereduaren aurrean aldaketa gauzatzen ari dela eta ezker abertzalea jada badagoela ‘’eredu berri horren eraikuntzan lanean’’.