Politika -

Erreakzioak

EAJ eta Amaiur: 'Zaharkitutako eta aldaketarik gabeko mezua izan zen'

Biek erakutsi dute euren etsipena Felipe VI.ak, euren iritziz, "Euskadiz ahaztu zelako" eta ez zuen erabakitzeko eskubidearen gainean hitz egin.

Aitor Esteban (EAJ). Argazkia: EiTB
Aitor Esteban (EAJ). Argazkia: EiTB
Aitor Esteban (EAJ). Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta Amaiurrek azaldu dute, Eguberri Egunean, euren etsipena, Felipe VI.ak zabaldutako diskurtsoarekin. EAJren arabera, mezua "zaharkitutakoa" izan zen, eta Euskadiz ahaztu zen; Amaiurrek, bitartean, nabarmendu du Espainiako erregeak ez zuela erabakitzeko herrien eskubidearen gainean aipamenik egin.

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak adierazi du Felipe VI.aren mezua "zaharkituta" egon zela, eta, beste behin, "Euskadiz ahaztu zela". Bere esanetan, Felipe VI.a ez da jabetzen Estatuko errealitate desberdinez.

Bilbon emandako prentsaurreko batean, Estebanek azpimarratu du diskurtsoa "zaharkituta" iruditu zaiola bere alderdiari: "Nahiz eta erregea berria den, musika berdina zuela ematen zuen". Halaber, nabarmendu duenez, Euskadiz ahaztu da, "beste behin".

Agintari jeltzaleak zehaztu du erregeak ustelkeriaren gainean hitz egin duela, baina ematen zuela gai horrek ez zuela zerikusirik Errege-Etxearekin: "Deskribatu du, politikariengan nolako eragina izan ahal duen esan du, baina berak neurri zehatzen gainean hitz egin zezakeen; bere arrebaren auzia aipa zezakeen ala ez, baina behintzat esan zezakeen zein neurri hartu eta hartuko dituen, arazo horri dagokionez, Errege-Etxearen barnean".

Dena den, esan du ez zegoela horri buruzko ezer: "Lehenagotik ere entzunda genuen mezu bera izan zen, ukitu txiki batzuekin".

Amaiur: "Erabakitzeko eskubidearen berririk gabe jarraitzen dugu"

Onintza Enbeita Amaiurreko diputatuak adierazi du Felipe VI.aren mezuan "itxurak, tonua eta dekoratua" asko aldatu direla, baina edukian, aldiz, ez dela aldaketarik egon: "Euskal Herriko, Kataluniako edo Galiziako herritarren erabakitzeko eskubidearen berririk gabe jarraitzen dugu; azkenean, demokraziaren gainean hitz egiten dutenean, herren baino gehiago geratzen dira, eskubide hori kontuan hartzen ez dutelako", salatu du.

Europa Pressi egindako adierazpenetan, Enbeitak kritikatu du Espainiako erregeak "ustelkeriaz orokorrean hitz egin zuela", baina ez zuela ezertan zehaztu.

Hori dela eta, esan du argi geratu dela Felipe VI.a erabat ustelduta dagoen Estatu bateko erregea dela: "Errege-Etxetik Udaletara daude ustelduta, eta sistema juridikoa ere bai; egin beharko luketen lehen gauza leheneratzea izango litzateke, zerotik hasteko, herriek euren etorkizuna erabakitzeko askatasuna onartuz", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Amaiur albisteak