Politika -
Gabonetako harrera-ekitaldia
Urkulluk akordioaren alde egin du, krisia gainditu eta bakea lortzeko
Lehendakariak aitortu du zazpi urtetako krisia bi urtetan gainditzea ezinezkoa dela, baina, “denok norabide berean arraun eginez gero”, susperraldi ekonomikoa lehenago iritsiko dela nabarmendu du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak elkarrizketaren eta akordioaren alde egin dezatela eskatu die erakundeei, alderdi politikoei eta sindikatuei, “Euskadi aurrera ateratzeko eta norabide onean jartzeko”. “2015ean susperraldi ekonomikoa, enplegua, bakegintza, elkarbizitza eta Euskadiren estatus politiko berria bezalako gaietan aurrera egiten jarraitzeko aukera izango dugu”, erantsi du.
Urkulluk Gabonetan euskal gizarteari egin ohi dion harrera-ekitaldian, Lehendakaritzan, egin ditu adierazpenok.
Legegintzaldiko lehen bi urteetan Jaurlaritzak krisi ekonomikoa gainditzeko “oinarriak eraiki” dituela esan du, “pausu sendoak eta ziurrak emanda”. Alabaina, “orain aurrera egiteko unea da, triunfalismorik gabe eta etsipenean erori gabe; izan ere, aurten atzeralditik hazkundera igaro gara”, erantsi du.
Datorren kontratazio eta esportazio datu hobeak izango direla iragarri du, “neurrizkoak izango badira ere”, “eta horrek agerian utziko du hazkundearen eta enpleguaren aldeko joera berreskuratu dugula”. Horrenbestez, elkarrizketa sozialaren garrantzia azpimarratu du, “akordioaren bidez enpleguaren kalitatea hobetzea eta pobrezia arriskua gutxitzea posible izango baita”.
Era berean, 2015erako onartu berri diren Aurrekontuak “errealistak eta sozialak” direla esan du, “inbertsioak, kohesioa eta zerbitzu sozialak ahalbidetuz”.
Azken bi urteotan lortutako hitzarmenak goraipatu ditu, baina aipamen berezia egin die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei eta Eudeli Gizarte Zerbitzuen Zorroan erdietsi duten akordiogatik, EAJk, EH Bilduk, PSEk eta PPk egindako bilera-sortatik lortutako “emaitzarik onena” delakoan.
“Erakunde publikoak, alderdi politikoak, elkarteak eta erakunde sozialak ordezkatzen ditugu, euskal gizartea ordezkatzen dugu; krisiaren, indarkeriaren eta enfrentamenduaren zailtasunak ezagutu eta pairatu ditugu. Orain gure esku dago etorkizunari konfiantzaz heltzea, etorkizunari itxaropentsu eta ilusioz begiratzea. Gure esku dago”, adierazi du.
Urkulluk esan du ezinbestekoa dela susperraldi ekonomikoa, enplegua, bakea, elkarbizitza eta Euskadirentzako estatus politiko berria lortzeko beharrezkoa den maila ematea. “Elkarrekin lan eginez gero, herri hau aurrera aterako dugu”, azpimarratu du.