Politika -
Auzitegi Gorena
Gobernua, zigorrak pilatzeari buruzko Gorenaren erabakiaren zain
Auzitegi Gorenak presoen zigorrak pilatzeari buruzko irizpide orokor bat ezartzeko erabakia urtarrilaren 13ra atzeratu zuen atzo.
Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak hizpide izan du Diputatuen Kongresuko korridoreetan, atzo, Auzitegi Gorenak ETAko presoen kaleratzeari buruzko erabakia atzeratzea erabaki izana. Horren esanetan, presoen zigorrak pilatzeari buruzko Auzitegi Gorenaren erabakiari itxarongo dio Espainiako Gobernuak.
"Auzitegi Gorenak aldeei eta Ministerio Fiskalari entzutea erabaki du, pentsatzen dut prozedura zorrotz betetzeko izango dela, eta guk haren erabakiari itxarongo diogu; izan urtarrilean edo Auzitegiak egoki ikusten duenean", azaldu die kazetariei Diputatuen Kongresuko pasilloetan.
Atzo, Auzitegi Gorenaren Zigor Aretoak ez zuen akordiorik lortu ETAko presoen zigorrak pilatzeari buruzko irizpide orokor bat ezartzeko, eta urtarrilaren 13an batzartuko da berriz, eztabaidatzen jarraitzeko. Europar Batasuneko beste estatuetako espetxeetan emandako denbora Espainian jarritako kondenan kontuan hartzea ahalbidetzen duen araudi europarra nola ezarri erabaki behar du Gorenak.
Kepa Pikabea ETAko kide ohia aske uztea aztertu behar zuten, eta erabaki horrek beste hainbat presori ere eragingo die, baina azkenean erabakia urtarrilaren 13ra atzeratzea adostu zuten, aldez aurretik Fiskaltzaren eta defentsaren argudioak entzuteko.