Politika -

Ortzimuga 2016 Plana

Ertzaintzaren sindikatuek, Urkulluri: 'Zoramen hau gelditu behar da’

Beltran de Herediak zuzentzen duen sailean aurreikusitako aldaketek Ertzaintza "egoera okerrenera" eramango dutela salatu dute.

Ertzaintzako sindikatuen protesta Lehendakaritzan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Herediak Segurtasun Sailean eta Ertzaintzan egin nahi dituen aldaketak "geldiarazteko" eskatu dio Roberto Seijo ErNE sindikatuko bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakariari. Sindikatu horren hitzetan, Segurtasun Sailean giroa "nahasita" dago, eta sailburuak jarrera aldatu ezean, mobilizazioei eutsiko dietela iragarri du.

Ortzimuga 2016 egitasmoa salatzeko elkarretaratzea egin dute goizean Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatuek (ErNE, Esan, ELA, Sipe eta Euspel) Lehendakaritzaren egoitzaren aurrean, Gasteizen.

Sindikatuen hitzetan, egitasmoa martxan jarrita, agenteak lantokiz eta funtzioz aldatu ahalko dituzte, lan-egutegi berriak ezarri ahalko dizkiete eta ertzain-etxeak itxiko dituzte.

Seijok salatu duenez, ertzainei "hainbat murrizketa ezarri zaizkie azken urteetan", eta Ortzimuga 2016 planean jasotzen diren "inposaketek egoera okerrenera eramango dute Ertzaintza".

"Ezin dugu horrela jarraitu. Lehendakariak zerbait egin behar du eta sail hau nola dagoen ikusi. Zoramen hau geldiarazi behar du", esan du ErNEko bozeramaileak.

Ostiralerako negoziazio mahaiaren bilera deitu dute, baina, sindikatuen esanetan, Segurtasun Sailak ez die gai-zerrenda bidali ere egin. Horrenbestez, batzarrera ez joateko asmoa agertu dute.

"Ertzaintzarekiko mespretxua da nagusi", kritikatu du Seijok, eta, jarrera aldatu ezean, mobilizazioei eutsiko dietela iragarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erdekidegoko Polizia Azken albisteak Urkullu