Politika -
Espetxe-politika
ETAko lau presori zigorrak pilatzearen aurka egingo du Fiskaltzak
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren arabera, Europar Batasuneko herrialde ezberdinetan betetako zigorrak pilatzeko erabakia ez da zuzentarau bat eta, beraz, “ez dauka izaera loteslea” Espainiarentzat.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, ETAko lau preso historikori (Francisco Mugica Garmendia ‘Pakito’; Santiago Arrospide Sarasola ‘Santi Potros’; Rafael Caride Simon; eta Alberto Plazaola Anduaga) espetxealdia murrizteko Zigor-arloko Lehen Sekzioak hartutako erabakiaren aurka.
Frantziako espetxeetan igarotako urteak kontuan hartu behar direla eta, beraz, urte horiek murriztu egin behar zaizkiela ondorioztatu du Zigor-arloko Lehen Sekzioak.
Jesus Alonso Auzitegi Nazionaleko fiskalak, berriz, Ministerio Publikoak Auzitegi Gorenean kasaziozko errekurtsoa jarriko duela iragarri du, Europar Batasuneko herrialdeetan betetako kartzela-zigorrak pilatu egin behar direla dioen Europako Kontseiluaren 2008ko Erabaki Markoa aplikatuta “legea urratu” dela argudiatuta.
Fiskalaren arabera, Europar Batasunean hartutako erabaki hori “ez da zuzentarau bat” eta, ondorioz, “ez dauka izaera loteslerik”. Gauzak horrela, “Espainiako zuzenbidearen ikuspegitik interpretatu behar da, bere horretan erabaki horrek ez baitauka eragin zuzenik”, erantsi du fiskalak.