Politika -
Ana Matoren ordezkoa
Alfonso Alonsok Gobernuaren ekintzei 'bultzada soziala' eman nahi die
Erregearen, Rajoyren, Saenz de Santamaria presidenteordearen eta Catala Justizia ministroarne aurrean egin du karguaren zina.
Erredakzioa
Alfonso Alonso Espainiako Osasun ministro berriak Gobernuaren ekintzei bultzada soziala eman nahi die eta eginkizun berri honetan bere onena ematea hitzeman du.
Orain arte Diputatuen Kongresuko PPren bozeramailea izan dena Bozeramaile Batzordearen bilerara joan da, gaur goizean, bere kideei agur esatera.
Osasun Ministerioaren ardura hartzeko atzo Mariano Rajoy Espainiako presidenteak egindako eskaintza harrituta hartu zuela aitortu du. "Entzutea", egiten diren politikak herritarrei komunikatzen ahalegintzea eta, batez ere, "Gobernu honentzat agenda sozial bat bultzatzea" izango dira, bere esanetan, ministerio horri egingo dizkion ekarpenak.
Bestalde, Ministerioko eta Osasun Publikoko langileez eta, oro har, gizarte zerbitzuetan, eta elkarteetan, lan egiten duten pertsonez fidatzen dela esan zuen, parlamentari gisa egindako lanean ezagutu zituelako.
Rajoyk bera hautatzeko izan dituen arrazoiez galdetuta, Alfonso Alonsok hauxe erantzun du: "Nigan konfiantza duela uste dut". Halaber, Diputatuen Kongresuko popularren bozeramaile kargua nork hartuko duen ez dakiela esan du.
Alfonso Alonsok Osasun ministro karguaren zina egingo du gaur
Alfonso Alonso popularrak Osasun, Gizarte eta Berdintasun ministro karguaz jabetu asteazken honetan, Espainiako Osasun Ministerioko Ernest Lluch aretoan; aurrez, Felipe VI.a erregearen aurrean, Zarzuela Jauregian, karguaren zina egin ostean.
Aipaturiko ekitaldian, Alfonso Alonsoz gain, Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidentea, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea eta Rafael Catala Justizia ministroa izan dira.
Kargua hartzeko ekitaldiaren aurretik, kartera jaso du Ministerioan Ana Mato orain arteko Osasun ministroaren eskutik.
Alonso Felipe VI.a erregearen aurrean karguaren zina egiten duen Espainiako Gobernuko bigarren kidea izango da, Rafael Catala Justizia ministroak Alberto Ruiz-Gallardon ordezkatuz kargua hartu ondoren.
Jorge Fernandezek Alfonso Alonsoren gaitasun politikoak nabarmendu ditu
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Alfonso Alonso Osasun ministro berriak aurretik erronka handia duela aitortu badu ere, haren gaitasun politikoak eta parlamentarioak nabarmendu ditu.
Telecinco telebista-kateari eskainitako elkarrizketan, Fernandez Diaz pozik agertu da izendapen horrekin; izan ere, esperientzia handiko politikaria izateaz gain, kudeatzeko gaitasuna eta "gizartearekiko sentsibilitatea" duela uste du.
"Zail du, baina erronka horri aurre egiteko gaitasunak ditu. Parlamentuko eguneroko jarduna ezagutzen du, dialektika bikaina du eta politikari peto-petoa da. Gainera, Gasteizko alkate izan zen eta, beraz, kudeaketan esperientzia badu. Hori dela eta, aurrean dituen erronkei aurre egiteko aukeraketa ona da", gaineratu du.