Politika -
Nafarroa
Esparza: 'Bidea latza izango da, baina UPNk partida irabaziko du'
UPNk Alderdiaren Eguna ospatu du igande honetan, eta bertan izan da Nafarroako Gobernuaren presidentetzarako hautagai berria. Yolanda Barcinak batasuna eskatu du.
Erredakzioa
Jose Javier Esparza UPNk Foru Parlamenturako hauteskundeetan izango duen zerrendaburu berriak esan du igande honetan bidea "latza izango dela", baina azpimarratu du "partida dagoela" eta irabazi egingo dutela, nahiz eta batzuek UPNk amore ematea nahi duten.
Tuteran ospatu duten Alderdiaren Egunean, Esparzak bere lehen hitzaldia eman du zerrendaburu izendatu dutenetik. Larunbatean bertan aurreratu zuenez, Nafarroarako nahi duenaren gainean hitz egin du.
Esparzak esan du berarentzat "ohorea" dela hautagaia izatea, eta alderdiko kargudunei eta afiliatuei huts egingo ez diela adierazi die. Aurrean duen erronkarekin ilusionatuta dagoela nabarmendu du.
Nafarroan "dena txarto dagoela islatzen saiatzen direrenentzako" mezua
Zerrendaburu berriak azpimarratu du "ezin izan dutela UPN garaitu" orain dela hogei urte, elkarrekin egon zirelako, eta zehaztu du gaur egun beste erronka batzuk dituztela eta egoera orain ere ez dela erraza. Ildo horretan, bere iritziz, hainbat saiatzen dira islatzen dena dagoela txarto Nafarroan, "betiko arerioak eta berriak, modan daudela ematen dutenak eta krisia aprobetxatu nahi dutenak", UPN Nafarroako lidertzatik kentzeko baina inolako irtenbiderik eman gabe.
Bere esanetan, herritarrengan "ezkortasuna, desengainua, egonezina, mesfidantza, susmoa" sortzea nahi dute; "nahikoa da" esateko unea heldu da, Esparzaren iritziz.
Azpimarratu duenez, Nafarroa da "langabezia maila txikiena duen autonomia erkidegoa, baztertze arriskuan dauden lagun gutxien duena, bizi itxaropenik handiena duena": "Hazten ari da, eta krisialditik irteten hasi da". Akatsak egin dituztela aitortu duen arren, adierazi du arrazoi asko dituztela harro egoteko, UPN Gobernuan egondako urteen buruan.
Nahi duen Nafarroa
Berak nahi duen Nafarroa nolakoa izan beharko lukeen islatu du: "Banderak hemengoa izaten jarraitu behar du, gorriak"; eta ereserkia, "Nafarroako Gorteena". Txalo artean hartu dituzte hitz horiek. Halaber, Nafarroan foruak zalantzan ez egotea nahi du, Espainiaren barneko Nafarroa bat, bidezko hitzarmen ekonomiko bat duena, nafarren ahalegina aitortzen duen hitzarmena. Arau fiskalari dagokionez, ongizatea bilatzea gustatuko litzaioke.
Barcinak batasuna eskatu du
Yolanda Barcina Nafarroako eta UPNko presidenteak batasuna eskatu du Jose Javier Esparza alderdiaren presidentetzarako hautagai berriaren inguruan, eta populismoen aurkako dikea izatea galdegin dio UPNri.
Tuteran egindako ekimenetan, Barcina Jose Javier Esparzarekin batera izan da protagonista. Esparza larunbat gauean hautatu zuten alderdiaren zerrendaburua izateko, botoen % 61ekin, Kontseilu Politikoan. Alberto Catalanena zen beste hautagaitza; Catalan eta Miguel Sanz presidente ohia ez dira egon igande honetan ospakizunean. Mila bat lagunek hartu dute parte, "35 años al servicio de Navarra" lemapean.
Gaurko Alderdiaren Egunean azken aldiz gobernuko presidente moduan, Barcinak adierazi du 18 urte "biziak eta erakargarriak" izan direla, "une gogorrak ere izan direla" eta bere onena eman duela izan dituen karguetan. Azpimarratu du ohorea izan dela berarentzat, eta jasotako maitasuna eta babesa eskertu du. Askok, adierazi duenez, berak berriro zerrendaburu izateari uko egin izana ulertu dute, eta horrela erakutsi diote.
"Nolanahi ere, lehen egunean nuen ilusio berarekin beteko dut nire lana UPNren presidentearen kargua utzi arte", baieztatu du Barcinak. Afiliatuei esan die, gainera, laguntza emango duela "Nafarroaren etorkizuna irabazten jarraitzeko, behar den tokian".