Politika -
Kontseilu politikoa
UPNk asteburu honetan aukeratuko du Barcinaren ondorengoaren izena
Posturako bere burua aurkeztu duten lau hautagaietatik hiruk astebururako deituta dagoen UPNren kontseilu politikoa atzeratzea eskatu dute, baina Yolanda Barcinak uko egin dio proposamen horri.
Erredakzioa
UPNk orain arteko datei eutsiko die eta asteburu honetan izendatuko du datorren urteko Foru hauteskundeetarako presidentegaia.
Posturako bere burua aurkeztu duten lau hautagaietatik hiruk astebururako deituta dagoen UPNren kontseilu politikoa atzeratzea eskatu dute, baina Yolanda Barcina alderdiko presidenteak uko egin dio proposamen horri.
Euren burua aurkeztu duten hautagaiak lau dira: Jose Javier Esparza, Juan Ramón Rábade, Amelia Salanueva eta Alberto Catalán. Kontseilua atzeratzea Catalanek, Salanuevak eta Rabadek eskatu dute.
Alderdiaren zatiketa, hortaz, areagotuz doa. Barcinak lehenengo barne hauteskundeak edo primarioak egiteari ezetz esan zion eta orain, batzarra atzeratzeari.
Igandean iragarriko dute Yolanda Barcinaren ordezkoa nor izango den.
UPNren kontseilu politikoak bihar aukeratuko du foru gobernuko presidentetzarako hautagaia. Ondoren, zatituta dagoen alderdia batuta ikusi nahi du Barcinak igandean Tuteran UPNren eguna ospatzeko bazkarian.