Politika -
Euskararen legea
Urquijok Gipuzkoako bide seinale berrien kontrako helegitea jarri du
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren arabera, bide publikoan kokatutako bide seinaleak euskaraz zein gazteleraz egon behar dira.
Erredakzioa
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak helegitea aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako bide seinale berrien kontra, "euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea urratzeagatik". Aipaturiko bide seinaleetan "Euskal Herria-Basque Country" eta turismo intereseko hainbat gune irakur daitezke.
Ohar batean iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko eskatu diola Estatuko Abokatutzari, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea urratzen duelakoan.
Urquijok azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako bide seinale berriak "zerbitzukoak dira interesgune diren tokiei erreferentzia egiten dien neurrian eta, beraz, gutxienez gazteleraz idatzita egon behar dute. Horren arabera, 'Pais Vasco' jartzeko obligazioa hainbat legetan jasota dago, eta lege horietako asko oinarrizkoak dira.