Politika -
Elkarrizketa
ERC,elkarrizketaren eta boto gehiago batzeko formulak topatzearen alde
Gainera, datorren asteartean eskainiko duen hitzaldia entzuteko dei egin dio Junquerasek Masi, hitzaldi horretan haren ibilbide orriari erantzun sakonagoa emango diola eta.
Erredakzioa
Oriol Junqueras ERCko burua Artur Masekin hitz egiteko eta akordioetara heltzeko prest agertu da, baina plebiszitu-hauteskundeei begira zerrenda bateratu bat aurkezteko Masek jarritako eskakizunaz galdetuta, boto gehiago batzeko formulak aurkitu behar direla nabarmendu du.
Kataluniako Parlamentuan egindako kontrolerako saioan, datorren asteartean Kataluniako Kongresu Jauregian egingo duen hitzaldia entzuteko deia egin dio Junquerasek Masi. ERCko buruak azaldu duenez, hitzaldi horretan Masek proposatutako "ibilbide orria"ri erantzun sakonagoa emango dio.
Dena den, hitz egiteko eta akordioetarako heltzeko prest agertu da, bai CiUrekin eta baita Kataluniako independentziarantz pausoak eman nahi dituzten alderdi politiko guztiekin ere.
Bestalde, ERCk aspaldiko urteetan daraman bide horretan, Masen proposamena "aurrerapausoa" izan dela aitortu du, eta horregatik "pozik" agertu da.
"Jende askoren ametsekin eta beharrekin bat egiten jakin behar dugu: independentzia aldarrikatzen dutenekin, helburu hori partekatzen ez dutenekin, Espainiako Gobernuekin kokoteraino daudenekin eta Espainiaz maiteminduta daudenekin, guztiekin", azpimarratu du.
ERCk Artur Masen proposamena 'optimizatu' nahi duela adierazi du
Joan Tarda ERCko diputatuak adierazi duenez, bere alderdia ez da Artur Mas Generalitateko presidenteak proposatutako "ibilbide orria"rekin tematu, baina "optimizatu" egin nahi du. Halaber, hauteskundeei begira, zerrenda bateratu batek alderdi soberanistak bakoitza bere aldetik aurkeztuta baino babes gutxiago izango lukeela uste du.
Artur Masek hauteskundeetara zerrenda soberanista bakarra (gizarte zibileko eta alderdi politikoetako ordezkariek eta adituek osatuko luketen zerrenda bakarra) aurkeztea proposatu zuen, gehiengo osoa lortu eta urte eta erdian, gehienez ere, erreferendum konstituziogile bat egiteko.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, ERCko diputatuak adierazi du ikusteko dagoela zerrenda bakarra egiten den; izan ere, Masen proposamena "oso garrantzitsua da, Kataluniako historian Generalitateko presidente batek inoiz ez baitu hain garbi eta batere konplexurik gabe hitz egin Katalunia estatu independente bihurtzeko prozesuaz, baina ziurtatu egin behar da". "Ez irabazteko aukera baztertu behar da, datozen urteotan aukera bakarra izango baitugu", gaineratu du.
Horren esanetan, Oriol Junqueras ERCko buruak Artur Masek atzo emandako hitzaldiaren "modukoa edo parekoa" emango du abenduaren 2an, eta "Artur Masen proposamena optimizatzeko aukerak iragarriko ditu"; izan ere, "ezin dugu galdu, irabaztea da aukera bakarra". "Gehitu egin behar dugu, gehiengo zabala lortu, eta horretarako ezin dugu boto bat bera ere galdu", azaldu du.
Joan Tardaren ustez, zerrenda bateratu batek CiU eta ERC bakoitza bere aldetik aurkeztuta baino babes txikiagoa izango luke; "hori erakusten duten ebidentzia ugari ditugu". Hori dela eta, beharrezkotzat jo du azkarrak izatea formula eraginkorrak aurkitzeko.
ERC alderdia Artur Masek proposatutakoaren kontra ez dagoela adierazi ostean, hobetu daitekeela esan du. "Kataluniako errepublikako lehen presidentea Artur Mas balitz, prozesua arrakastaz amaitu dela pentsatuko nuke. Hori bai, behin-behinekoa ez den errepublikako lehen presidentea ezkerreko gizon edo emakume bat izatea nahiko nuke; ahal dela, Oriol Junqueras", gaineratu du.