Politika -

A9

Masen kontrako kereila aurkeztu du Fiskaltzak, lau delitu egotzita

Desobeditzea, prebarikatzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta funtzio publikoak usurpatzea egotzi die Mas presidenteari, Joana Ortega presidenteordeari eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariari.

Artur Mas A9an botoa ematen.
Torres-Dulcek aurkeztu du Mas, Ortega eta Rigauren kontrako kereila

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 9an Katalunian izan zen prozesu parte-hartzailearen harira, Artur Mas Kataluniako presidentearen eta bi kontseilariren aurkako kereila aurkeztu du Estatuko Fiskaltza Nagusiak.

Lau delitu egotzi dizkie Mas presidenteari, Joana Ortega presidenteordeari eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariari: desobeditzea, prebarikatzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta funtzio publikoak usurpatzea.

Asteazkenean, Aretoko Fiskalen Batzordeak Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak Artur Mas Generalitateko presidentearen kontra jotzeko egindako proposamena babestu zuen.

Aurretik, Estatuko fiskal nagusiak emandako agindua beteko zuela iragarri zuen Kataluniako Auzitegi Nagusiaren Fiskaltzak, Kataluniako fiskalak kereila aurkeztearen aurka agertu baziren ere.

Gaur aurkeztutako idatzian, ministerio publikoak jarrera "arbitrarioarekin" jokatu izana leporatu die auzipetuei, "Konstituzioaren interpretatzaile gorenak emandako ebazpen judiziala betetzeari argi eta garbi" uko egiteagatik.

Ministerioak gogora ekarri duenez, A9ko kontsulta Generalitateak "antolatu, sustatu eta finantzatu" zuen, Konstituzionalak "zalantzarako tarterik" uzten ez zuen arren.

Gainera, A9ko galdeketa "Konstituzionalak bertan behera utzi zuen erreferendum izaerako kontsultaren parekoa" izan zela uste du, Masen Gobernuak "hauteskunde prozesuetan ohikoak diren hautestontziak, mahaiak eta txartelak" jarri zituelako.

Era berean, Fiskaltzak gogorarazi du Generalitateak "gastu publikoak" egin dituela "delituak egiteko".

Erreakzioak

Jordi Turull CiUren bozeramaileak esan du kereilak indartu egin behar duela subiranotasunaren bidea. "Zerbait lortzen badu, prozesua indartzea izango da", eta orain arte subiranotasunaren bidean inplikatu ez diren pertsonak inplikatzea, adierazi du Kataluniako Parlamentuko korridorean.

ERCk eta CUPek, erriz, oso gogor kritikatu dute kereila. ERCrentzat oinarrizko eskubideen kontrako "erasoa" da, eta CUPentzat Estatuaren "ahultasunaren froga" besterik ez da.

Maurici Lucena PSCren bozeramaileak uste du Masek eta bere aholkulariek "egunak" daramatzatela kereila "ospatzen" elektoralki "mesede" egin diezaiokeelako, baina "atsekabea" agertu du neurriak elkarrizketa oztopatuko duelako.

PPCk eta Ciutadansek Zuzenbidezko Estatu baten "normaltasun"aren barruan kokatu dute kereila, herritar guztiek bete behar dutelako legea, eta argudio politikoak ez direlako "aitzakia" arauak "urratzeko".

Carlos Martinez Gorriaran UPyDren Kongresuko bozeramailearentzat ere "normala" da Mas "pozez zoratzen" egotea A9-aren ondoren, "legea urratzea doan" atera zitzaiolako, eta inkestetan "etekina" ateratzen ari delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma