Politika -

Azaroak 9

A9ari loturiko salaketak ikertzea eskatu du Bartzelonako fiskalburuak

Bartzelonako Fiskaltzako ordezkarien iritziz, delitu zentzuak daude azaroaren 9ko parte-hartze prozesuari lotuta.

Bartzelonako fiskal burua. Argazkia: EiTB
Bartzelonako fiskal burua. Argazkia: EiTB
Bartzelonako Fiskal Nagusia: 'Ez dago matxinadarik'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 9ko parte-hartze prozesuari lotuta artxibatutako salaketa guztiak berriz irekitzeko eskatu dute Bartzelonako fiskalek, Estatuko Fiskaltzaren babesarekin.

Bartzelonako Probintzia Fiskaltzako ordezkarien iritziz, delitu zantzuak daude azaroaren 9ko parte-hartze prozesuan, eta, ondorioz, Bartzelonan artxibatutako salaketak irekitzea eta epaileak inhibitu ziren kasuak Kataluniako Auzitegi Nagusira eramatea eskatuko dute.

Ana Magaldi Bartzelonako fiskalburuak agerraldi laburra egin du gaur kazetarien aurrean, eta Bartzelonako probintzia fiskalen eginbeharra azaroaren 9ari loturiko salaketak tramitera eramatea izango dela esan du. Dena den, iturri judizialen arabera, artxibatutako salaketak irekitzea ere eskatuko dute.

Magaldiren esanetan, Bartzelonako probintzia fiskalen jokabidea txosten batean oinarrituta dago, "jokabide bateratuaren printzipioarekin bat dator" eta Kataluniako Fiskaltza Nagusiaren eta Estatuko Fiskaltza Nagusiaren onarpena jaso zuen.

Ortegak 'soseguz' eta 'harrotasunez' egingo dio aurre kereilari

Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak "soseguz" eta "harrotasunez" egingo dio aurre azaroaren 9ko parte-hartze prozesuan egindako lanagatik Fiskaltzak bere aurka jarritako kereilari. Hala ere, sentimendu "gazi-gozoa" duela aitortu du, Estatuak politikatik arazo politikoei aurre egiteko nahikoa "heldutasun" ez duela egiaztatu ondoren.

Ortegak (Unió) gosari informatibo batean parte hartu du, Kataluniako hainbat alkaterekin batera, eta Fiskaltzak Artur Mas Generalitateko presidentearen, Irene Rigau Hezkuntza kontseilariaren eta bere kontra jotzea hartutako erabakia izan du hizpide. Gosari informatiboan parte hartu duten alkateek babesa eskaini diote Ortegari, eta horietako batzuek bere gain hartu dute azaroaren 9ko parte-hartze prozesuaren ardura.

"Erabateko lasaitasuna" sentitzen duela adierazi du, eta kereilari "lasaitasunez" egingo diola aurre. Aldi berean, Kataluniaz "harro" dagoela azaldu du, bereziki, gizartearen mobilizazioagatik eta azaroaren 9ko parte-hartze prozesua antolatzea ahalbideratu zuten boluntarioen, Udalen eta Kataluniako bestelako erakundeen lanagatik.

"Baina portaera baketsu eta demokratiko baten ondotik eta Kataluniako herriak erantzun eredugarri bat eman ostean, Estatuaren erantzuna kereila kriminal bat izan da", deitoratu du.

Ildo horretan, "politikaren judizializazioa" tarteko, Ortegak sentimendu "gazi-gozoa" duela azpimarratu du, bere ustez, Estatuak ez duelako "nahikoa heldutasun politiko" arazo politikoei konponbide politikoak emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniaren independentzia