Politika -
Bilera Felipe VI.arekin
Urkulluk akordioan oinarritutako politika babestu du Zarzuelan
Lehendakariak eta Felipe VI.ak ez dute adierazpenik egin batzarraren ostean, baina goizean aurreratu du lehendakariak Espainiako erregeari helaraziko zion mezua.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, "desadostasunak gorabehera, beti dago akordioa lortzeko aukera", eta hala adierazi dio Felipe VI.a Espainiako erregeari gaur arratsaldean Zarzuela jauregian egin duten bileran.
Adierazpenok Mungiako osasun-zentro berria inauguratzeko ekitaldian egin ditu Urkulluk. "Elkarrizketan, negoziazioan, akordioan eta harreman politikoekiko leialtasunean" oinarritutako politikan sinesten duela nabarmendu du bertan Eusko Jaurlaritzaren buruak, eta horixe adieraziko ziola Felipe VI.ari gaur arratsaldeko batzarrean.
"Sakonak izanda ere, elkarren artean izan ditzakegun desadostasunak eta ezberdintasunak gorabehera, egunerokoan eta jardun politikoan beti dago akordioa lortzeko aukera, eta halaxe adieraziko diot erregeari", esan du lehendakariak.
Lehendakaria lehenengo aldiz elkartu da Espainiako erregearekin, Juan Carlos I.ak kargua utzi zuenetik bere semearen mesedetan.
Duela hiru aste Felipe VI.a Euskal Herrian egon zen, errege denetik lehenengo aldiz, baina lehendakaria ez zen bertan egon, kanpoan baitzegoen.
Lehendakariak ez du adierazpenik egin bileraren ostean.