Politika -
Podemos
Konstituzioaren 'ate eta leihoak zabaltzea' proposatu du Iglesiasek
Lurraldetasuna ez ezik, beste gai batzuk ere eztabaidatzeko 'asanblada konstituziogile bat' eratzearen alde agertu da Podemoseko buruzagia.
Erredakzioa
Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak Espainiako Konstituzioaren "ate eta leihoak" zabaltzea proposatu du, "gai guztiak eztabaidatuko dituen asanblada konstituziogile bat eratzeko". Lurraldetasuna ez ezik, beste gai batzuk eztabaidatzeko balioko luke asanblada horrek, hala nola, ekonomia demokratizatzeko eta subiranotasuna eta eskubide sozialak defendatzeko.
Cadena Ser irrati katean egin dioten elkarrizketa batean organo horren aldeko aldarria egin du Iglesiasek: "Herritarrek ordezkariek herri moduan zelan antolatu nahi garen eta zer herri-proiektu nahi dugun aukeratzeko asanblada eratu behar da".
Podemosen idazkari nagusiak hitz gogorrak izan ditu Alderdi Popularreko eta Sozialistako kideen kontra: "PP eta PSOEren karneta duten sistemaren kontrako kideek trantsizioan lortutako garaipen sozialak suntsitu dituzte", agertu du. Hain justu, prozesu konstituziogile horrek orduko balioak berreskuratzen lagunduko luke, Iglesiasen aburuz.
"Berreskuratu dezagun jaka eta gorbatadun sistemaren kontrako horiek lapurtu digutena", aldarrikatu du. "Antisistema horiek Konstituzioaren 135 artikulua aldatu zuten udako oporretan, eta Magna Carta ezerezean utzi dute".
'España, herrien herria'
Iglesiasen irudiko, "herrien herria, nazioen herria" da Espainia. Horren ildoan, Katalunia "Espainiatik joatea" nahi ez duela azpimarratu du. Izan ere, haren hitzetan, posible da "herria eraikitzea; galegoak, katalanak, euskaldunak edo andaluzak eroso sentituko diren proiektu anitz bat eratzea".
Agertu duenez, ziur da Podemoseko kideak ikustean "katalan askok" hauxe diotela: "Nahiago dut Podemos nagusi den Espainia batean egon, CiUk edo Mas jaunak zuzendutako Katalunia batean baino".
Banketxeak eta Europako Banku Zentrala
Podemos proiektu ekonomikoa zehazteke badu ere, "egindako lanari esker" bi edo hiru etxebizitza dituzten horiek "lasai egon" daitezkeela nabarmendu du Iglesiasek. Argitu duenez, "lan egiten ez duten alprojen eta espekulazioan aritzen diren eta ehunka etxebizitza huts dituzten banketxeen kontra" arituko dira buru duen alderdian.
Salatu duenez, lotsagarria da Espainiako lau lagunetik bat pobrea izatea eta "haur malnutrizioa" egotea. Haren ustetan, "larregitan belauniko jarri diren agintariak" dira horren erantzule.
Haratago ere joan da Iglesias. Arrisku-prima "xantaia" egiteko elementu bihurtu dela kritikatu du, eta ingurumaria horretan, Europako Banku Zentrala begiz jo du: "Lobbien eta inork aukeratu ez dituen kalifikazio agentzien presioak jasotzeari utzi behar dio", erantsi du.