Politika -
Kataluniako prozesua
Fiskaltzak Masen aurka egiten badu, 'haren ondoan' egongo da EAJ
Buruzagi katalanaren 'ausardi politikoa' txalotu du Ortuzarrek, eta Rajoyk Kataluniara egin behar duen bisita 'orain arteko gauza bera' izango dela agertu du.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak iragarri duenez, Fiskaltzak Artur Mas Kataluniako presidentearen aurka egiten badu, EAJ "haren ondoan" egongo da. Buruzagi jeltzaleak Masen "ausardi politikoa eta irmotasuna" txalotu ditu, eta Juan Jose Ibarretxek ez bezala, "ezkerraren babesa" izan duela nabarmendu du.
Catalunya Radio irrati-kateari eskainitako elkarrizketa batean, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Kataluniara egin asmo duen bisita ere ahotan hartu du EAJko buruak. Ortuzarren iritzian, bidaia "orain arteko gauza bera" izango da, baina "marketing politiko berria" izango du.
Artur Masen aldeko hitzak izan ditu buruzagi jeltzaleak: "Datorrena datorrela, Masen ondoan egongo gara", erakutsi duen "ausardiagatik, % 100ean babesten dugu", agertu du.
PSOEren proposamena
Pedro Sanchezek Konstituzioa erreformatzeko egindako proposamena "apur bat gehiago" azaldu behar duela uste du Ortuzarrek. "Ez gara bigarren prozesu konstituziogile baten beldur, izan ere, lehenengoa beldur eta babes askorekin egin zuten".
"Estatu federal asimetrikoa zeri deitzen dioten jakin behar dugu aurrena, eta gero, nola kudeatu behar den erreforma konstituzionala", erantsi du.
"Orain zerbait egiten bada, iraganeko akatsak zuzendu behar dira, eta kartak mahai gainean ipini", agertu du EBBko presidenteak. Haren iritzian, Espainian trantsizioa egin zenean "gizartea oso asaldatuta zegoen eta demokraziak bide laburra zuen egina".
Garai hartan, korapilatsuagoa zen egoera eta ETA gogor ari zen. "Orain, ordea, ez dugu ETAren jardunik, ezta mehatxurik ere; irtenbideak ekarriko dituen edozein bide hartzeko gai izan beharko genuke".