Politika -

Aralarren VI. Kongresua

Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusi izendatu dute

Rebeka Uberak militanteen %85,7ren babesa jaso du, eta Patxi Zabaleta alderdiko ohorezko presidente izendatu dute.

Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusi izendatu dute, % 85,7aren babesarekin. Argazkia: EFE
Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusi izendatu dute, % 85,7aren babesarekin. Argazkia: EFE
Aralar alderdiak txosten politikoa eta estatutu berriak onartu ditu

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aralarrek alderdiaren VI. Kongresua egin du larunbat honetan Iruñean, eta zuzendaritza berria eta idazkari nagusi berria aukeratu ditu. Hala, Rebeka Ubera alderdiko idazkari nagusi izendatu dute militanteen % 85,7ren babesarekin. Rebeka Uberak Patxi Zabaletaren tokia hartu du, eta Aralarren sorreratik alderdiko buru izan dena, berriz, ohorezko presidente izendatu dute militanteen %89,5ek hala erabakita.

Kongresuan, alderdiaren estatutu berriak eta ponentzia politikoa ere onartu dituzte, babes zabalarekin. Ponentzia politikoa militanteen % 88,7k babestu dute, eta estatutuak, berriz, % 83,5ek.

Gainera, gaurko Kongresuan zuzendaritza berria ere aukeratu dute. Rebeka Uberarekin batera, Ainhoa Beola, Asun Fernandez de Garaialde, Jon Iñarritu, Nekane Perez, Maite Sarasua, Rikardo Otxoa, Aitor Zaldua eta Aser Lertxundik osatuko dute zuzendaritza berria.

Alderdiko idazkari nagusi izendatua izan ostean, Rebeka Uberak hartu du hitza eta azpimarratu duenez, "garai politiko garrantzitsu honetan inoiz baino gertuago daukagu alderdiaren sorrerako helburu nagusietako bat, ezker abertzale zibil eta anitza osatzea, alegia". "Ausardiaz eta eskuzabaltasunez jokatu behar dugu. Euskal Herriak egitura demokratikoak eta eraginkorrak dituen ezker abertzalea behar du, hori baita Euskal Herri independente eta burujabea lortzeko bermea", gaineratu du.

Nafarroako egoera ere hizpide izan du, eta, Uberaren iritziz, Aralarren "ibilbidea eta borroka" Nafarroan aldaketa soziala eta politikoa gauzatzeko, eta bakea eta elkarbizitza demokratikoa lortzeko "bermea" da.

EH Bilduko barne egituretan sakontzeko beharra

Idazkari nagusi berriaren iritziz, "beharrezkoa da EH Bilduko barne egituretan sakontzea, izan ere, alderdien koalizio huts izatetik haratago joan behar du eta ezkerreko eta mugimendu ezberdinetako jendea batu. Gure buruari jarri diogun helburua eta erronka da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea