Politika -

Kataluniako kontsulta

Hainbat politikarik euren burua erruduntzat jo dute

CiUko, ERCko, CUPeko eta PSC-ko hainbat buruzagik kontsultaren antolakuntzan parte hartu izana aldarrikatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CiUko, ERCko, CUPeko eta PSC-ko hainbat buruzagik euren burua erruduntzat jo dute A-9ko parte-hartze prozesua sustatzeagatik, sare sozialetan abiatutako kanpaina batean.

Fiskaltzak Artur Mas presidentearen eta Generalitateko hainbat kontseilariren aurka kereila jarriko duela iragarri eta gero, hainbat politikarik Ministerio Publikoari aurre egin nahi izan diote.

Lehena Jordi Turull CiUko bozeramailea izan da, Kataluniako Parlamentuan. Gaurko saioan, Alicia Sanchez Camacho PPCko presidenteari zuzendu zaio, eta “hemen dituzu A9ren egile intelektual guztiak, apunta ezazu eta esaiozu fiskalari”, esan dio, CiUko diputatuak seinalatzen ari zen bitartean.

Marta Rovira ERCko bozeramaileak ere bere gain hartu du A9aren antolakuntzan parte hartu izana, eta hautesleku batean presidente lanak egin zituela zehaztu du.

Ondoren, #autoinculpacions9N kanpaina abiatu da Twitterren, eta hainbat politikarik eta herritarrek bat egin dute.

CiUtik, adibidez, Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusi eta diputatuak, Carles Puigdemont Gironako alkateak eta Jordi Sendra, Josep Lluis Cleries eta Montserrat Candini senatariek egin dute bat.

ERCtik, besteak beste, Oriol Amoros bozeramaileordeak, Alfred Bosch diputatuak eta Ester Capella senatariak egin dute.

PSCn ere hainbatek babestu dute kanpaina, Marina Geli sektore katalanistako kideak, kasu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur