Politika -
Hautagaia ez izatea erabaki du
Barcinaren erabakia 'Nafarroarentzat positiboa' dela uste du PSNk
Bestalde, “UPNren eta PSNren erregimen politikoa Nafarroan suntsitzen ari denaren erakusgarri” dela adierazi du EH Bilduk.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak UPNko zerrendaburu ez izatea erabaki du datozen hauteskundeetan, eta Nafarroarentzat “positiboa” dela adierazi du PSNk.
“Barcinak berak hautagairik onena ez dela erabaki baldin badu, berak jakingo du zergatik”, azaldu dute Nafarroako Alderdi Sozialistaren iturriek arratsaldean.
UPN
Barcinaren erabakiarekiko “erabateko errespetua” azaldu du Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak. Barcinaren erabaki “pertsonala” izan dela nabarmendu du Adanerok; izan ere, “UPNko zerrendaburu berriro izateko alderdia guztiaren babesa zuen”.
Erabakiak ezustean harrapatu duela esan du bozeramaileak. Adaneroren hitzetan, UPN “alderdi handia da, eta hori da garrantzitsua” eta “ideia oso argiak ditu, eta ongi sustraitutako printzipioak defendatzen ditu”.
EH Bildu
Barcinaren erabakia “Nafarroarentzako albiste positiboa” dela esan du Adolfo Araiz EH Bilduko hautagaiak. “Urte guzti hauetan Gobernuaren politiken aurka protesta egin duten sektore guztien garaipen bat” dela erantsi du.
“Nafarroako gizartea aspalditik egiten ari zen eskakizuna da”, azpimarratu du Adolfo Araizek. “UPNren eta PSNren erregimen politikoa Nafarroan suntsitzen ari denaren erakusgarri” dela adierazi du. “Lur jotzearen azken ikurra da”, erantsi du.
Aralar-NaBai
Barcinaren erabakiarekin “UPNk eta PSNk mantendu duten erregimen baztertzailea bukatzen dela pentsatzerik ez” dagoela adierazi du Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko bozeramaileak.UPNren eta PSNren arteko harremanak “berreskuratzeko aukera handiagoak” daudela ohartarazi du.
Barcinaren erabakiarekiko “errespetua” azaldu du Zabaletak. Erabakiaren atzean “arrazoi pertsonalez gain, arrazoi politikoak” daudela uste du ordezkari abertzaleak.
PPN
Barcinaren erabakiak “hobekuntzan, Nafarroan eta Espainian sinesten” duten alderdien arteko akordioa lortzeko lana erraztea espero du Pablo Zalba PPNren kudeaketa-batzordeko presidenteak.
Nafarroako presidentearen erabakiarekiko “erabateko” errespetua azaldu du Zalbak. “Nafarroaren alde egindako lana” eskertzeko unea dela uste du. “Foru Erkidegoaren interesei lehentasuna ematen saiatu da beti, hanka-sartzeekin zein erabaki egokiekin”, goraipatu du.
Ezkerra
Azkenik, Jose Miguel Nuin Ezkerrako bozeramailearen ahotan, Barcinaren erabakia “porrot politikoaren onarpena da”.
Hauteskundeak deitzeari uko egin zion, “logika parlamentarioa eta demokratikoa baztertuz”, eta azken hiru urteak “hondamendi politikoa” eta “agonia politikoa” izan dira Nafarroan, erantsi duenez.