Politika -
Aurreneko jardunaldia
Aralarren VI. Kongresuak ez du onartu Txentxo Jimenezen zuzenketa
Zabaletaren esanetan, “Aralar garai berrietara egokitzeko moduaz” eta “etorkizuneko ezker abertzale zibil eta anitzari egingo dion ekarpenaz” eztabaidatu dute.
Erredakzioa
Aralarren VI. Kongresuak ez du onartu Txentxo Jimenezek gidatutako taldeak txostenaren kontra aurkeztu zuen osoko zuzenketa. Rodriguezen ustez, alderdiaren estatutuak aldatzeak erabakitzeko gaitasuna murrizkuko zukeen Nafarroan.
Patxi Zabaleta Aralarreko idazkari nagusiak, berriz, alderdiak EH Bildurekin “bat egiteko” bideari ekin behar diola uste du, eta ukatu egin du alderdian zatiketarik egotea.
Alderdi abertzalea VI. Kongresuaren lehenengo jardunaldia egiten ari da Bilboko Itsas Museoan, eta, egunean zehar, militanteek txosten politikoen eta estatutuen aurrean aurkeztutako zuzenketak eztabaidatuko dituzte. Ondoren, azaroaren 15ean, alderdiak Iruñean egingo du bigarren jardunaldia, eta bertan bi txostenen gaineko bozketa egingo dute militanteek, eta alderdiaren zuzendaritza berria osatuko da.
Estatutuen txostenaren aurka aurkeztutako zuzenketa bakarra hamar militantek aurkeztu dute, Txentxo Jimenez parlamentari nafarrak gidatuta. Goizean, zuzenketa eztabaidagai izan dute Kongresuan, eta botoen % 13,88 alde, % 65,74 kontra eta % 20,37ko abstentzioa izan da bozketan. Txostenean 30 zuzenketa egin dituzte, horiek guztiak partzialak.
Atsedenaldi batean egindako adierazpenetan Zabaletak zehaztu duenez, “Aralar garai berrietara egokitzeko moduaz” eta “etorkizuneko ezker abertzale zibil eta anitzari egingo dion ekarpenaz” eztabaidatu dute. Zabaletaren esanetan, alderdia garai berrietako erronkei egokitu behar da.
Txosten politikoaren aurrean, zortzi zuzenketa aurkeztu dira, “bat ere ez da osoa izan”, eta egun osoan zehar horien gainean eztabaidatuko dute.
Aralarreko koordinatzaile nagusiak baztertu egin du osoko zuzenketak (atzera bota dutena) “haustura” ekar dezakeenik alderdira.
“Aralarren eztabaida modu baketsuan eta demokratikoan egiten ari gara, Kongresuan parte hartu dugun militante guztiak maila berean gaude, garrantziari dagokionez. Errespetatzeko modukoa da edozein militantek aurkeztutako zuzenketa”, adierazi du.